Agerraldia egin dute gaur Bilbon Tubacex enpresako LABen delegatu eta afiliatuek. Greba mugagabeak 159 egun bete dituen honetan, aurrera jarraitzeko apustua berretsi dute sindikatuko kideek. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratzeak baliogabetu eta 129 langileak berrartzeko agindua eman arren, multinazionalak hauek ez hartzeko asmoa adierazi du: "Erabaki horrek erakusten du Tubacexek aurrera jarraitzen duela langileak kaleratzeko ahaleginean, Madrilgo Auzitegi Gorenera epaia errekurritzeko iragarpenak erakusten duen bezala, eta estrategia horren ondorio da lankideak beren lanpostuetara ez itzultzeko erabakia".
Madrilgo auzitegian aurkeztutako helegitea erretiratzea exijitu diote enpresari eta, hori egin ezean, greban jarraitzeko determinazioa erakutsi dute
Hain zuzen ere, Madrilgo Auzitegi Gorenean dagoeneko aurkeztuta dagoen helegitea jarri du jo-puntuan sindikatu abertzaleak. LABen iritziz, helegite horrek arriskuan jartzen jarraitzen du berrartutako langileen, euren familien eta Aiaraldearen etorkizuna. Horregatik, Madrilgo auzitegian aurkeztutako helegitea erretiratzea exijitu diote enpresari eta, hori egin ezean, greban jarraitzeko determinazioa erakutsi dute.
Eusko Jaurlaritzari deia
Arantza Tapia Ekonomia Sailburuari eta Iñigo Urkullu Lehendakariari ere zuzendu dizkiete mezuak Tubacexeko langileek. Eusko Jaurlaritzak Tubacexeko zuzendaritzaren tesiekin bat egiten duela azaldu dute, tesi horiek Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurkakoak diren arren: "Eusko Jaurlaritzari eta, zehazki, Arantza Tapia sailburuari eta Urkullu lehendakariari exijitzen diegu langileen alde jartzea eta Tubacexen lanpostu guztiak bermatzea, eta hau zuzendaritzari EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia betetzeko eta Madrilgo Auzitegi Gorenari helegitea kentzeko exijituz egiten da".
Agerraldian gogora ekarri dute Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia eta Nuria Lopez de Guereñu Garraio Sailburu ohia multinazionaleko administrazio batzarreko kide izan direla, agerian utziz Eusko Jaurlaritzak zuzeneko inplikazioa duela bertan hartutako erabakietan. Langile guztien lan eskubideak defendatzea exijitu diote Eusko Jaurlaritzari, eta publikoki eskatzea zuzendaritzari Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitea bertan behera uztea.
Gogora ekarri dute Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia eta Nuria Lopez de Guereñu Garraio Sailburu ohia multinazionaleko administrazio batzarreko kide izan direla
Mahaigainean jarri dituzten bi eskakizunak betetzen ez diren bitartean greba mugagabearekin aurrera jarraitzeko apustua berretsi dute LAB sindikatuko kideek: Madrilgo Auzitegi Goreneko helegitea erretiratzea eta kaleratutako langileak euren lanpostuetara bueltatzea. "Borroka eta greba dira gure lanpostuak eta lan-baldintzak defendatzeko eta bermatzeko uzten diguten bide bakarra. Enpresak bere pretentsioekin jarraituz erabakitzen du gatazka luzatzea, ez langileek. LABen ez ditugu atzean utziko zuzendaritza zikoitz eta autoritario batek kaleratze-zerrenda batean sartu zituen pertsonak", adierazi dute agerraldian sindikatuko bozeramaileek.