Pertsona ezagun ugari igaro dira azken urteetan Tubacexeko Administrazio Kontseilutik: UNICEFeko presidente ohi bat (Consuelo Crespo Bofill), Espainiar Estatuko 200 pertsona aberatsenen zerrendan dauden batzuk (Antonio Maria Pradera Jauregi edota Jorge Sendagorta Gomendio) eta El Correo egunkariko zuzendari exekutibo izandako bat (Alejandro Echevarria Busquet), besteak beste.
Baina Jose Antonio Ardanza da, seguru asko, Tubacexeko zuzendaritzatik igaro den pertsona ezagunena. 1985tik 1999ra Lehendakaria izan zen, eta kargu hori utzi eta bost hilabetera izendatu zuten Tubacexeko Administrazio Kontseiluko kide. Hamar urtez egon zen bertan, 2009ra arte.
Ardanzarekin gobernuan ibilitako beste pertsona bat ere urte luzez egon da 150 behargin kaleratu nahi dituen multinazionaleko zuzendaritza-organoan: Juan Ramon Guevara Saleta. Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza eta Justiziaren Sailburua izan zen 1985etik 1991ra. Kargu hori utzi eta hiru urtera sartu zen Tubacexeko goi-markoan, eta bi hamarkada eman zituen bertan, 2015. urtera arte.
Pedro Luis Uriarte Santamaria, aldiz, Ekonomia eta Ogasun sailburua izan zen Carlos Garaikoetxearen gobernuan, 1980tik 1984ra. 2004an batu zen Tubacexeko kontseilura eta bertan egon zen 2009ra arte (Ardanzarekin batera utzi zuen kargua).
Gaur egun
Eusko Jaurlaritzan goi-kargu izandako pertsona bakarra dago gaur egun Tubacexeko Administrazio Kontseiluan: Nuria Lopez de Guereñu. Garraio eta Herri Lan Sailburua izan zen 2005tik 2009ra bitartean. Kargua utzi eta urtebetera Confesbaskeko idazkari nagusi izendatu zuten. Handik bost urtera, 2015ean, bihurtu zuten Tubacexeko administrazio kontseiluko kide, eta bertan dihardu gaur gaurkoz.