159 egunen ostean, Tubacexeko langileek otsailaren 11an abiatutako greba mugagabearekin aurrera jarraitzea ebatzi du Enpresa Batzordeak. Gaur egin dute ordezkari sindikalek bilera eta bertan jaso dituzte atal sindikal bakoitzean jasotako ekarpenak.
Gauzak horrela, greba mugagabeari eutsiko diote beharginek multinazionalari EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia bete dezan exijitzeko. Horretarako ezinbestekotzat jo dute kaleratuak izan ziren langileen berrartze efektiboa gauzatzea. Izan ere, 129 kaleratzeak baliogabetuak izan ziren arren, enpresak beharginak etxean utzi eta hauen irteera bultzatzea erabaki zuen. Horrez gain, Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurkako helegitea aurkeztu du enpresak Madrilgo Auzitegi Gorenean.
Enpresa Batzordeak ateak zabaldu dizkio langileen berrartzea ahalbidetuko duen negoziazio prozesu bat abiatzeari.