AZKEN ORDUKOA

Tubacexek onartu egin du kaleratutako langileak lanera itzultzea

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko uzt. 20a, 13:33

160 eguneko greba bete dute gaur Tubacex taldeko langileek Aiaraldean. / Aiaraldea.eus

Tubacexeko Enpresa Batzordeko kideak Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin bildu dira gaur premiazko deialdi batean. Bertan jaso dute multinazionalaren proposamena: kaleratutako langileek lantegietara lanera itzultzeko aukera izango dute.

Greba mugagabearen 160. egunean Tubacexeko zuzendaritzaren erantzuna jaso dute Tubacexeko langileek. Enpresa Batzordeko kideak premiazko bilera batera deitu ditu Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak eta bertan jaso dute multinazionalaren proposamena.

Enplegua Erregulatzeko Espedientearen bidez kaleratuak izan ziren 129 langileek euren lanpostuetara bueltatzeko aukera izango dute, Justizia Auzitegi Nagusiko epaiak kaleratzeak baliogabetu ostean ezarri bezala.

Inkorporazioa era mailakatuan egin nahi du Tubacexek, uztailaren 26tik urriaren 30era. Berrartutako langile guztiak, gainerakoekin batera, irailetik aurrera abian jarriko den Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen barruan sartuko lirateke.

Enpresa Batzordeak hurrengo egunetan emango du proposamenaren gaineko balorazioa. Besteak beste, argitzeke dago oraindik multinazionalak Madrilgo Auzitegi Gorenean jarritako helegitea mantenduko duen edo ez.

ELAren balorazioa

Albistearen balorazioa egin du ELAk. Sindikatuak jakinarazi du "tentuz" aztertuko duela zuzendaritzak eginiko proposamena. "Baina, ez dugu zalantzarik: afiliatuek eta batzordeak grebari eusteko erakutsitako determinazioaren ondorioa da Tubacexen zein Eusko Jaurlaritzaren jarrera aldaketa". 

LAB sindikatuaren balorazioa

Ildo beretik mintzatu da LAB sindikatua arratsaldeko lehen orduan plazaratutako oharrean. Lortutako emaitza "langilen eta eskualde oso baten irmotasunaren emaitza" dela uste dute sindikatuko kideek, eta nabarmendu du greba mugagabearekin eta mobilizazioekin jarraitzeko "apustu argiak" ahalbidetu duela garaipena. "Horrek erakutsi du borroka dela bide bakarra lanpostuak eta lan-baldintza duinak defendatzeko".

Hala ere, zuhurtziaz jokatzeko unea dela uste dute. "Ezin dugu ahaztu enpresak, gaur egun, errekurtsoarekin aurrera jarraitzeko asmoari eusten diola Espainiako Auzitegi Gorenean, eta, beraz, kaleratzeekin aurrera jarraitu nahi duela". Horregatik, berriz exijitu diote multinazionalari helegite hori kentzea, eta Eusko Jaurlaritzaren "bitartekaritza" eskatu dute horretarako. 

Pozik, baina zuhurtziaz

Aiaraldea Hedabidea Laudioko piketera hurbildu da albistea jaso bezain pronto eta langileekin mintzatu da. Poztasuna adierazi badute ere, zuhurtzia izan da nagusi grebalarien artean.

Alde batetik, mesfidantza handia da Tubacexeko zuzendaritzari dagokionez. Bestetik, Enpresa Batzordearen balorazioa itxaroten ari dira, behin multinazionalaren proposamena bere osotasunean analizatu ostean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide