Errepide berri batetik egin behar izan dute Aiaraldeko herritarrek Urduña eta Amurrio arteko bidea. Gaurdanik zabalik dago A-625 errepideko Saratxoko saihesbideko zati bat, industriagunearen eta Saratxoko herrigunearen arteko errepide zatia, hain zuzen.
Gauzak horrela, Saratxoko industriaguneko sarrera eta Dani Berria jatetxeko sarrera errepide nagusitik isolatuta geratu dira. Orain zabalik dagoen ibilbidea, ordea, ez da behin betikoa, saihesbideko obrek aurrera jarraitzen baitute. Lanen ondorioz, errail bat itxita dago Saratxoko sarreran, eta semaforo bidez ari dira bertako trafikoa erregulatzen.
Gorabeherak obretan
Hainbat urtez luzatu dira obrak, eta Saratxo Bizirik plataformak eta Administrazio Batzarrak behin baino gehiagotan salatu dituzte Saratxoko saihesbidearen lanetan egondako gorabeherak.
Aurreikusitakoa baino lur gehiago desjabetu eta etxe batzuetan arrakalak eragin dituzte lanek, besteak beste. Edonola ere, saratxoarrek urte luzez aritu dira borrokan azpiegitura hain handia ez eraikitzeko eta, adibidez, bestelako proiektua aurkeztu zuten lur okupazioa murrizteko.