Tubacexeko zuzendaritzak behin baino gehiagotan aipatu du Administrazio Kontseiluko kideen euren soldatak jaitsi zituztela iaz (langileek ere berdina egin beharko luketela iradokitzeko, funtsean).
Soldata jaitsiera hori, baina, kontu anekdotiko batean geratu da. Alde batetik, ez zelako urte osoan zehar aplikatu eta, bestetik, ekaineko akziodunen batzarrean onartu zutelako kontseilarien aurtengo soldata eta dieta politika berria, 2023ra arte indarrean egongo dena.
Berez, ez dago aldaketa nabarmenik 2018ean onartutako irizpideekiko. Baina, hala ere, Tubacexek 472.000 euro gastatu ditu lehen seihilekoan Administrazio Kontseiluko ordainsarietan, iaz 401.000 euro gastatu zituen bitartean. Hala zehazten du Tubacexek aste honetan argitaratu duen emaitzen txostenak.
Horrez gain, ordezkari edo exekutibo moduan aritzen diren kontseilariek beste 306.000 euro jaso dituzte guztira, iaz 287.000 euro jaso zituzten bitartean.
Irizpideak
Hauek dira ordainsari eta dieten politikek zehazten dituzten kopuruak:
- 40.000 euro jasoko ditu kontseilari bakoitzak kontseilari izate hutsagatik (Francisco Garcia Sanz presidente berriak, aldiz, 80.000 euro jasoko ditu).
- 10.000 euro batzordeetako kideak izateagatik (15.000 euro presidentearen kasuan).
- 2.700 euroko dieta administrazio kontseiluko bilera bakoitzean parte hartzeagatik.
Batzorde berria
Iragan astean zehaztu zuten zein batzorde eratuko diren eta nortzuk parte hartuko zuten bakoitzean. Batzorde berri bat eratu zen: Jasangarritasunarena eta Gobernu Onarena. Nuria Lopez de Guereñu (Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan Sailburu ohia) izango da marko horren presidentea.
Batzorde bakoitzean nor dagoen jakinda, aurten kontseilari bakoitzak zenbat diru jasoko duen kalkulatu daiteke:
Oharra: Kalkulu honetatik kanpo utzi dira bileren dietak (2.700 euro bilera bakoitzeko), ez baitago zehaztuta zenbat egingo diren aurten.
Horrez gain, bestelako ordainsari batzuk ere aurreikusten ditu enpresak (enpresa autoak, bizitza eta pentsio aseguruak, kalte-ordain klausulak...), baina ez du horien zenbatekoa zehazten. Presidentearen kasuan, aldiz, beste hainbat ordainsari ematea ere aurreikusten du, baina hauen kopuruak ere ez dira zehazten. Kontrara, kontuan hartu behar da Alvaro Videgainek Administrazio Batzarra utzi duela (Tubacexen fundazioan jarraituko duen arren), eta kontseilua 12 kide izatetik 11 izatera pasa dela orduz geroztik.
Datorren urtera arte itxaron beharko da, beraz, Administrazio Kontseiluko kideek zenbat diru jasoko duten zehatz mehats jakiteko.