Prentsa ohar batean bildu ditu LABek azken egunetan Tubacexeko greba mugagabearen testuinguruan gertatutakoen inguruko balorazioak. Astelehenean multinazionaleko buruekin izandako 10 orduko bilera “antzerki hutsa” izan zela uste dute sindikatuko kideek, “langileak eta iritzi publikoa engainatzen saiatzeko eta haien jarrera justifikatzeko”. Hainbat komunikabidek “prestigioa kentzeko kanpaina bat” abiatu izana ere salatu dute oharrean. “Tamalgarria da komunikabide gehienak patronalarekin lerrokatzea eta langileen arteko konfrontazioa bilatzea”.
LABen ustez, Tubacexek ez du negoziatzeko asmorik. “Ez du EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia onartzen eta Auzitegi Gorenaren epaia atera arte denbora irabazi nahi du”.
Eusko Jaurlaritzari mezua
Kritika gogorrak egin dizkiote ere Eusko Jaurlaritzari. Enpresa Batzordearekin bildu nahi ez izatea leporatu diote. “Arantza Tapia andreari eta Urkullu jaunari galdetu nahi diegu, oraindik ere zuzendaritza intrantsigente eta zeken horren alde jarraitzen duzue? Zer nahi duzue negoziatzea, kaleratzeak?”. Ildo horretan, sindikatuko kideek gogorarazi dute EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratze horiek baliogabetu zituela. “Bada garaia argi hitz egiteko, komitearekin bilera bat egin nahi ez baina zer eta nola negoziatu behar dugun argitzeko gai zarete?”.
Horrez gain, eskaera zehatza egin diote gobernuari: Tubacexeko grebaren testuinguruan zenbait langile eta herritarrei tramitatzen ari dizkieten isunak ezerezean uztea, eta “jazarpen zein identifikazio kanpainarekin” amaitzea. Asteazkenean LABeko ordezkari sindikal bat identifikatu zuen poliziak Laudioko piketean, eta zigortuko zutela esan zioten.
Helegitea kentzea
Bukatzeko, azken asteetan zabaldu duen aldarria errepikatu du sindikatuak: lanpostuak mantentzea bermatzen duen gauza bakarra zuzendaritzak jarritako helegitea kentzea dela. “Grebak aurrera jarraitzen badu, enpresak hala nahi duelako da”. Gauzak hala, borrokan jarraitzeko arrazoiek “bere horretan” jarraitzen dutela ondorioztatu dute oharrean. “Borrokatzeari uzteko unea dela uste duenari galdetzen diogu: zer aldatu da otsailaren 15etik?”.