Tentsio uneak bizi izan dira gaur Tubacexeko Laudioko piketean. Ertzaintzak azken bi egunetako jokabideari EUTSIdio, dozenaka agente mobilizatuta zuzendaritzaren autobusari paso emateko.
Greba Komiteko kide batzuek uko egin diote atearen paretik kentzeari, autobusean zihoazen pertsonei grebaren gaineko informazioa helarazteko eskubidea zutela argudiatuta. Poliziarekin eztabaidatu ostean, amore eman eta bidearen paretik kentzea adostu dute, baina orduan ertzaina batek identifikazioa eskatu dio Enpresa Batzordeko kide bati, zigortu nahi zutela adierazita:
Enpresa Batzordeko ordezkari bat identifikatzera eraman du Ertzaintzak eta salatuko dutela esan diote. Tubacexeko greba mugagabearen 168. eguna da #tubacex #TubacexGreban pic.twitter.com/n9tfbRfE2T
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) July 28, 2021
Ordezkari sindikala identifikatu ostean, langileak atetik erabat urrundu dira, protesta gisa.
168 egun bete dituzte gaur Tubacexeko langileek greba mugagabean. Astelehenean izan zuten zuzendaritzarekin bilera, Laudioko lantegian bertan. 10 orduz egon ziren bilduta. Baina, Enpresa Batzordearen gehiengoaren ustez, zuzendaritzak proposatutakoa ez da nahikoa, eta grebari eustea erabaki dute horregatik. Multinazionaleko buruek uko egin diote kaleratzeak direla eta Madrilgo Auzitegi Gorenean jarritako helegitea kentzeari.
Identifikazioak ohikoak bilakatu ziren grebaren lehen hilabeteetan. Dozena bat lagun inguru identifikatu ditu poliziak gatazkaren irudiak grabatze hutsagatik.