IRITZIA

Tubacexeko zuzendaritzaren ergel erabilgarrien desfilea ez da amaitu

Aitor Aspuru Saez 2021ko abu. 10a, 11:48

Luis Alejos Elkarrekin Podemoseko kideak idatzi zuen artikulua. / ElDiario.es

Tubacexeko zuzendaritzak Ertzaintzaren, hainbat komunikabideren eta CCOO Euskadiko idazkari nagusiaren babesa jaso ondoren, palmero berria batu du taldera, Elkarrekin Podemoseko kide galdua: Luis Alejos.

Larunbatean ElDiario.es webguneak Tubacexi buruzko artikulu berria plazaratu zuen, Luis Alejosek sinatua. Ezezaguna jende gehienarentzat, Luis Alejos militante politiko beteranoa da, Elkarrekin Podemoseko kidea, mendizalea, pentsiodunen mugimenduan dabilena eta, tamalez, ez dakiena noiz utzi behar dien bere lekua eta protagonismoa borrokaren lehen lerroan daudenei edo, gutxienez, noiz isildu behar den.

Hori erakutsi zuen larunbatean Tubacexeko grebari buruz idatzitako iritzi zutabearekin. Izan ere, Alejosek multinazionaleko zuzendaritzak zabaldutako gezur guztiak errepikatu zituen (sindikatuen eta langileen arteko desadostasuna sortzeko helburua dutenak) eta dimentsio berria eman zien: ukitu berria eman zion sindikatu on eta txarren arteko bereizketari. Jadanik ez zion balio burugogorkeria salatzea. Horregatik hautatu zuen indar sindikal abertzalei egurra ematea erabakitzeko eskubidearen izenean.

Berez, azken saiakera hori izugarri miserablea da, aintzat hartzen bada Alejosek hainbat artikulu idatzi dituela ElDiario.es-en eta sekula santan ez duela aipatu erabakitzeko eskubidea (ez Katalunian, ez Euskal Herrian, ez Kurdistanen, ezta Eskozian, ez beste inon). Eskubide hori greba baten kontra joateko aipatu du lehen aldiz, eta indar abertzaleen zilegitasuna zalantzan jartzeko. Are gehiago, Alejosek erabakitzeko eskubidea eta burujabetza kritikatzen ditu (sezesionistatzat jota) eta, aldi berean, biraketa eskizoide politikoan, eskubide horren alde egiten du grebaren kontra jo eta desadostasuna sortzeko.

Bestalde, Alejosek erakusten du ez duela egungo egoera ulertzen, Tubacexi dagokionez behintzat. Pentsiodunak sindikatuei leporatzen die (bereziki ELA eta LABi) langile mugimendua ordezkatu izana historikoki, eta ez da ohartzen Laudio eta Amurrioko lantegietan guztiz kontrakoa gertatu dela. Piketeek eta eskualdeko hainbat indarrek (pentsiodunek, merkatariek, ostalariek, feministek...) hartu dute iniziatiba eta, horregatik, sindikatuek ezin dute egin nahi dutena eta ezin dute borrokan ari direnen borondatea ordezkatu.

Hondamendi intelektual hori (ezkerreko pertsona batetik etorrita) justifikatzeko, Alejosek bere burua traizionatzen du eta, besteak beste, hasieratik enpresarekin lerrokatu diren komunikabideak hartzen ditu iturri bezala: Vocento edota Cronica Vasca. Horren adibide larriena da errepikatzea enpresa batzordeko bilera bat lehertu zutela 70 langile kaleratuk, hori gezurra denean.

Horrelako gezurrak errepikatzea negargarria da ez bakarrik ez dutelako zerikusirik errealitatearekin (aurreko batean azaldu bezala, sindikatu bereko bi langileren arteko eztabaida izan zen gertatu zena), baita ElDiario.es komunikabidean Maialen Ferreira kazetariak egindako lan fina zikintzen duelako ere. Kazetari horrek bertsio askoz errealagoa jaso zuen. Baina, tamalez, artikulu hori ez da Luis Alejosen saltsa politikoan ondo sartzen eta ez du aipatu, bere onanismo politikoa desmontatzen baitu.

Ergel erabilgarrien alderik okerrena da azkarrenak direla uste dutela

Zaila da jakitea norbaiten agindua jarraiki idatzi duen Alejosek artikulua edo bere kabuz egin duen. Hau da, fede txarrarekin edo pitokeriaz gainezka idatzi duen. Baina gezurrez eraikitako pretentsio handiko testuak (adibidez, esaten duenean STAT sindikatuak ez duela bere jarrera definitu grebaren aurrean) Tubacexeko zuzendaritzaren gidoia jarraitzen du puntuz puntu. Alderdi liberal eta kapitalista baten aldetik etorriko balitz, koherentea litzateke, baina arazoa da Alejos Elkarrekin Podemoseko kidea dela eta ergel erabilgarrien zama da, hain zuzen, uste dutela gainerakoak baino azkarragoak direla.

Ordea, esaldi txinatarrak dioen moduan, jakintsuak ilargia seinalatzen duenean, ergelak hatzamarrari begiratzen dio, eta Alejosek hori egin du. Tubacexeko zuzendaritzaren gezur guztiak jan eta gero, inozoa dela erakutsi du. Alegia, Tubacexeko zuzendaritzak langileen arteko ustezko apurketa salatzen duen bitartean, komunikabideek ezkutatzen dute enpresak ez diela kaleratuei altan eman Gizarte Segurantzan, nahiz eta sententziek horretara behartzen duten; eta ez dute aipatzen zuzendaritzak ez dituela grebalarien oporrak ordainduko, nahiz eta oinarrizko eskubidea izan.

Badirudi Tubacexeko zuzendaritzak zerbait egin duela bere propagandarekin, ezkerreko profilaren maskotak eskuratu baititu bere ikuskizunerako.

Ergel erabilgarrien jaia

Alejoren kasuan zalantzak badaude ere (bere testua agian ezjakintasunetik idatzi duen arren), ezin daiteke gauza bera esan bere artikulua birtxiokatu zuen izen politiko ezagunari buruz; Imanol Zubero.

Zuberoren kasua ikertzeko modukoa da, ezkerreko erreferentetzat jotzen baitu bere burua, umiltasun apurrarekin. Bere ibilbide politikoa Ezker Batuan hasi ostean, PSOEko senataria izan zen gero eta bere jarduera politikoaren gailurra izan zen, dudarik gabe, Kutxabankeko pribatizazioan modu aktiboan parte hartzea, babesa emanda euskal kutxen fusioari eta banku fundazioen bilakaerari.

Hori guztia kontseilari moduan egin zuen, CCOOren ordezkari moduan. Kasualitatez, Tubacexeko greba uztearen alde egon den erakunde bakarraren izenean. Horrelako ezkertiarrekin, bedeinkatuak esplotatzaileak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide