Saratxoko bizilagunek salatutako kalteak kontuan hartzeko eskatu dio Orain Amurriok Udal Gobernuari

Saratxoko saihesbideko obrak. / Aiaraldea.eus

Udal taldeak bat egin du Saratxoko bizilagunek eta Administrazio Batzarrak A-625 errepideko lanekiko azaldutako kritikekin eta adierazitako "frustrazio sentimenduarekin"

Saratxoko obren azken ekintzek saihesbidearen proiektua are gehiago okertzen dutela azaldu du Orain Amurriok. Udal taldeak oharra plazaratu du Saratxoko bizilagunek eta Administrazio Batzarrak adierazitako kexekin eta "frustrazio-sentimenduarekin" bat eginez.

A-625 errepideko lanek hasieratik eragindako arazoei, desjabetutako lur-azaleraren handitzea gehitu zaiola azaldu du udal taldeak. Bi dira jarri dituzten adibideak: Dani Berria jatetxeko aparkaleku bat kendu izana eta "Los Mesones" baserriari eragingo dizkioten kalteak. Jatetxeko jabearen kexak bere egin ditu Orain Amurriok: "zertarako balio dute Amurrioko Udalak 2015ean emandako emakume ekintzailearen sariak, gero negozioaren bideragarritasunari kalte nabarmena egiten dioten erabakien aurka neurririk hartzen ez badira. Instituzioek Aiaraldearen alde egiten dituzten adierazpenek zertarako balio dute, gero ez bazaigu kontuan hartzen?"

"Los Mesones" baserriari dagokionean Orain Amurriok gogorarazi du baserria udalerriko ondare izendatuta dagoela, eta, ondorioz, udalari dagokiola honen osotasuna errespetatzea, Arabako Ondare Historikoko eta Arkitektonikoko zerbitzuak agindu bezala. Saihesbideko lanek, ordea, eragin zuzena izango dute Saratxoko baserrian: "Errepidearekin muga egiten duen horma bota eta bazterbidea ia sukalderaino sartu nahi dute, azken honi 1,8 m inguruko zabalera neurrigabea emanez, gero zubiaren inbutura iristeko". Hori dela eta duela 60 urte landatutako intxaurrondoak bota beharko dituzte, eta "Los Mesones", Ibarrolako baserria bezala, errepidearen azpitik geratuko da.

Administrazio Batzarreko lehendakari den Lurdes Cuadraren kritikak ere izenpetu ditu Orain Amurriok. Honek zera adierazi du: "ez digute jaramon handirik edo bat ere ez egiten auzotarren, auzokoen edo Batzarraren esanei, guk ezagutzen baititugu hobekien lurraldea eta lurraldearekiko eraginak. Paperean basatia zen, baina eraikuntzaren errealitateak hasierako planoak gainditzen ditu. Badirudi gurekiko batzarrak protokolarioak baino ez direla eta eskakizunei ezentzuna egiten zaie behin eta berriro."

Udal Gobernuari eskaera

Hori dela eta Orain Amurriok ekimen bat aurkeztu dio EAJk osatzen duen Udal Gobernuari, Arabako Foru Aldundiko Errepide Sailari eska diezaion Saratxoko bizilagunen kexak kontuan hartzea.

Orain Amurriok azpimarratu du beti egon dela gaur egungo saihesbidearen proiektuaren kontra, A-625 errepideko bide-segurtasuna hobetzeko proiektu alternatiboak zeudela ulertuta: "Guztiz bat gatoz zuen kritikarekin eta frustrazio-sentimenduarekin, batez ere alternatiba iraunkorrago bat zegoelako (proiektatutako 78.651 m²-etatik, proiektu alternatiboaren 26.951 m²-etara igarotzea proposatzen zuenak) eta, beraz, ekonomian, gizartean eta ingurumenean eragin askoz txikiagoa zuelako. Baliabide gutxiago xahutuz, premietara bideratu ahal izateko, adibidez, osasun-, gizarte- eta ekonomia-premietara, beti izaten baitira hain beharrezkoak."

Erlazionatuak

"Saratxoko bizilagunak gero eta engainatuago, erabiliago eta umilduago sentitzen gara"

Amurrio Saratxo

Aurrera doaz A-625 errepideko lanak, eta horren aurrean iritzi gutuna plazaratu dute Saratxoko bizilagunek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide