IRITZIA

"Saratxoko bizilagunak gero eta engainatuago, erabiliago eta umilduago sentitzen gara"

Saratxo Bizirik 2021ko abu. 27a, 07:00

A-625 errepideko obrak. / Aiaraldea.eus

Aurrera doaz A-625 errepideko lanak, eta horren aurrean iritzi gutuna plazaratu dute Saratxoko bizilagunek.

A625 errepidearen obrak aurrera doan heinean Saratxoko bizilagunak gero eta engainatuago, erabiliago eta umilduago sentitzen gara.

Egun gure herria goitik behera eta ezkerretik eskubira suntsituta dagoenean, dirua xahutu dutenez obra guztia ez dela egingo jakitun gara. Arabar guztion dirua xahutu dute inoiz baino behar handiagoa dagoen beste hainbat arlotan: hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan eta osasunean besteak beste.

Hormalsa, Deguisa, Catinox, Inauxa eta bestelako enpresetara sarrera ematen dion lotura gunea ez dute orain burutuko, eta puntu honetan proiektuaren beste inon ez bezala errepidea “pintxatu” ahal izango da, ezkerrerako giroa egin ahal izango da, alegia. Diputazioko teknikoek egoera hau sahiestu nahi izan dute eta horrexegatik eta planteamendu handikoiagatik errepide honek azalera itzela hartu du. Zonalde hau arriskutsuenetarikoa da, izan ere hemendik inondik baino ibilgailu gehiago sartu eta atera egiten dira, eta arriskua bertan jarraituko du. Agian proiektua benetan behar izanetara doitu izan balitz, osotasunean egiteko aukera eman izango luke aurrekontuak.

Aitzaki honekin, errepidea ezin “pintxatu” izana, herri osoan zehar etxebizitzak eta negozioak lurperatu dira, lur eremu oso emankorrak suntsitu dira errepide, makroerrotonda, sartze bideak, zerbitzubideak egiteko. Ezerk ez du zentzurik proiektu honetan, eta orain bertatik bertara ikusten duen orok dio gauza bera: ez zen horrelakorik behar, ez Aiaraldeko beharrizanetarako ezta Saratxoren orografia kontutan izanik.

Diputazioko teknikariek obra aldrebes hau behin eta berriro justifikatu dute eta politikariek amen egin dute azkenean, hitz ulerkorren ostean, amen. Erabili izan dituzten argudioak ezerezean geratzen dira orain arte egindako errepideak zeharkatzerakoan, agerian geratzen baita egindako lur suntsiketa, lur mugimenduen arriskuan dauden etxeak, etorkizun iluneko jatetxea etabarrak ikusterakoan. Dena osotasunean ikustean ezinezkoa dirudi eragindako sarraski eta diru xahuketa itzel hau defendatzea.

Eta oraindik ere konpondu barik geratuko da poligonoen arteko barne lotura, eta honek eragin izan du proiketuan lotura gune gehiago burutu izana. Aldez aurretik, poligonoen antolakuntza planifikatu izan balitz lur eremu handia salbatu izango zen obra madarikatu honetan.

Berriro altxatuko dugu ahotsa, izan ere obra hasi denetik ez da Saratxotik igaro obrari boza eman zion politikarietako bat bera ere. Agian ezin gaituzte begietara begiratu lotsatu gabe, hau baimendu bitartean ahoan garapen jasangarria, ingurumenaren babesa, aurrezpen energetikoa, klimaren babesa bezalako hitzak darabiltenean. Hipokresiaren definizioa.

Bitartean guk, gure amama eta aititek erakutsi ziguten bezala gure ingurua babestu dugu. Jakin badakigulako lurrik gabe eta negoziorik gabe, ez dagoela bizimodurik ezta herririk ere. Saiatu gara hamaika bider inguruko herrietako bizilagunei, udal agintariei, diputazio eta batzar nagusietako politikariei gure ikuspuntua azaltzen: errepidea konpondu behar zen? Duda gabe, bai. Horretarako beharrezkoa al zen giza eta ingurumen suntsiketa dakarren proiektu hau egitea? Aho batez, ez!

Baina animo eta hitz goxoen ostean, hamaika mozio eta bilera Urduña eta Amurrioko udaletxeetan, Arabako Batzar Nagusietan eta talde politikoekin, bakar batzuk izan dira koherenteki euren ikuspuntua mantendu dutenak. Zentzugabekeriak irabazi du. Ez badira politikoak diputazioko teknikariei mugak ezarri behar dizkietenak, nortzuk dira?

Horrelako megaproiektuak mahaigaineratzen direnean beste alde batera begiratzeari utzi behar diogu, bestelako Herri antolamendua bilatu beharra daukagu, Herri eta Mundurik gabe geratu baino lehen. Espero dezagun teknikari nagusia jubilatzean diputazioak irizpidez aldatzea eta Legution, Zanbranan eta Saratxon pairatutakoa ez errepikatzea.

Politikariok, zuon hipokresiaren dorretik jeistea eskatzen dizuegu, ez baita bidezkoa ulerkorrak izatea eta aldaketak eskatzea baina bukaeran benetako aldaketa baten alde ez borrokatzea ezta garapen jasangarria soilik kartelak eta hitzaldiak betetzeko erabiltzea ere.

Saratxo bizirik

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide