Kaleratzeak mahai gainetik kentzea eskatu dio enpresa batzordeak zuzendaritzari

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ira. 3a, 18:32

Enpresa batzordeko ordezkariak gaur goizean zuzendaritzarekin bilerara sartzen. / Aiaraldea.eus

Proposamen bateratua aurkeztu diote langileen ordezkariek Tubacexeko zuzendaritzari. Asteleheneko bileran erantzuna jasotzea espero du enpresa batzordeak.

Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientearen nondik norakoak negoziatzeko bigarren bilera burutu da gaur Tubacexeko zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen artean. Bi aldeak Laudioko fabrikako bulegoetan elkartu dira, 11:00etan.

Abuztuaren 31an ospatu zen lehenengo bileran aurkeztu zituen multinazionalak espedientearen nondik norakoak: irailaren 11tik abenduaren 31ra luzatuko da, %70eko eragina izango du eta justiziaren aginduz berrartuak izan diren langileak ere sartuko dira honen eraginpean. Tubacexek, ordea, nahitaezko kaleratzeei eutsi nahi die, 129 beharginen etorkizuna Madrilgo Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitearen eskuetan utziz. Sindikatuen iritziz, ulergaitza da enpresaren jarrera hori.

Langileen ordezkariek mahaigainean dauden nahitaezko kaleratzeak albo batera utz ditzan eskatu diote Tubacexi, Auzitegi Goreneko helegitea erretiratuz

Gaurko bileran proposamen bateratua aurkeztu dio enpresa batzordeak zuzendaritzari. Mahaigainean dauden nahitaezko kaleratzeak albo batera utz ditzan eskatu diote Tubacexi, Auzitegi Goreneko helegitea erretiratuz. Horrez gain beste hainbat neurri ere proposatu dizkiote multinazionalari, hala nola, aurre-jubilazioen kolektiboa handitzea eta borondatezko bajei bidea zabalik uztea. Tubacexek ez azpikontratatzeko eta enplegua 2024ra arte mantentzeko konpromisoei eustea ere gehitu dituzte espedientea adosteko baldintzen artean.

Azkenik, langileek uko egingo liokete ere lan-hitzarmenean adostutako enplegua sortzeko konpromisoari; gaur gaurkoz oraindik aplikatu gabe dagoen arren. 

Erantzunaren zain

Enpresa batzordeak datorren astelehenerako espero du multinazionalaren erantzuna. Egun horretan -irailak 6-, dago finkatuta bi aldeen arteko hirugarren bilera, 11:00etan Laudioko fabrikako bulegoetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide