IRITZIA

Nuria Lopez de Guereñu bada gobernu onaren eta jasangarritasunaren ikurra Tubacexen, nolakoak izango ote dira zuzendaritzako beste kideak

Aitor Aspuru Saez 2021ko ira. 9a, 09:00

Nuria Lopez de Guereñu, artxibo irudi batean. / ElDiario.es

Uztailean jakin izan genuen Tubacexeko zuzendaritzak diru gehiago kobratu duela 2021ean, 2020an baino. Hori gutxi balitz, Nuria Lopez de Guereñu Garraio Sailburu ohia (AHTren sustatzailea, hain zuzen), izendatu dute Gobernu Onaren eta Jasangarritasunaren batzorde berriko presidente.

Uztailean zabaldu zen Tubacexeko zuzendaritzako kideek iaz baino 71.000 euro gehiago kobratu dituztela 2021eko lehen sei hilabeteetan. Datua harritzekoa da, aintzat hartuta 129 langile kaleratu dituztela tarte horretan, enpresaren egoera oso txarra dela argudiatuta.

Testuinguru horretan, erabaki hori txundigarria izanda ere, antzeko eragina sortzen du jakiteak Nuria Lopez de Guereñu hautatu dutela multinazionaleko Gobernu Onaren eta Jasangarritasunaren batzorde sortu berriko berriko presidente izateko.

Izan ere, Confebaskeko idazkaria izan baino lehen, Nuria Lopez de Guereñu ezagun bilakatu zen Juan Jose Ibarretxeren azken gobernuan Garraio Sailburua izan zelako. Alegia, Guereñuk abiatu zuen zenbait urtez EAEko proiekturik polemikoena izan zena: Abiadura Handiko Trena.

Zehazki, Nuria Lopez de Guereñu izan zen egitasmo hori abiatzeko arduraduna eta 15 urte geroago, ez da ezta amaitu, ezta erdia egin ere. Autoridad Independiente de Responsabilidad Fiscal (AIReF) erakunde espainiarrak 2019an argitu zuen obraren %58a egiteke dagoela. 

Ustez, modernitatea ekarri behar zuen tren horrek hondamendi ekonomiko eta ekologikoa baino ez du utzi EAEn eta arduradun nagusietakoa, dudarik gabe, Nuria Lopez de Guereñu bera izan da.

Gobernu ona, herrien borondatea zapaltzea

Guereñu anderea gobernu onaren adibidetzat jotzeko, ahalegin berezia egin beharra dago. Bera gobernuan zegoenean izandako zenbait jarrerari erreparatzea besterik ez dago.

Izan ere, AHTren obrak inolako eztabaida sozialik gabe hasi ziren. Sailburuak berak ebatzi zuen gizartea abiadura handiaren beharra zuela eta, ahots kritikoak baztertuta, lanak hasi zituen. Baina ez bakarrik ahots kritikoak, trenak kaltetutako hainbat herriren iritziak ere bidali zituen zaborrontzira. 

Izan ere, EAEn 10 udalerritan egin ziren herri galdeketak (Aramaio, Legorreta, Atxondo...) AHTri buruzko iritzia jasotzeko eta udalerri guztietan irabazi zuen azpiegituraren kontrako ezezkoak. Guereñuk ez zuen ezer jakin nahi izan emaitza horietaz eta, jakina, ez zen herrietatik igaro aurpegia ematera edo eztabaidetan parte hartzera. Zuzenean, herritarren ahotsei ez zien jaramonik egin eta porlanean lurperatu zituen.

Herritarrei gezurrak esan

Hori gutxi balitz, Guereñuk ez zuen inolako arazorik izan publikoki, eta hemerotekan erraz irakurri daitekeen moduan, sekulako gezurrak esateko AHTri zegokionez. Zabaldutako hainbat mezuren artean, deigarriena izan zen azpiegitura 2010ean amaituko zenarena.

Jadanik 2021ean gaude eta, esan bezala, ez da ezta erdia eraiki. Norbaitek pentsa dezake Guereñu baikor patologikoa dela. Baina, ikusten ari garen moduan, proiektua ez zegoen ezta amaitua. Horren isla dramatikoena da azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiar Gobernuaren artean egon den eztabaida hiriburuetako sarreren harira.

Milaka milioi euro gastatu ostean, konturatu dira ez dakitela ezta nola sartuko den trena EAEko hiriburuetan eta bistan dauden zenbait zubi (Basauri eta Arrigorriaga artekoa, esaterako) ergelkeriaren monumentu bezala gera daitezke. Ez dugu ahaztu behar zubi hori izan zela Bizkaian hasi zen lehen zatia eta Nuria Lopez de Guereñu zen sailburua garai horretan.

Jasangarritasuna, ez ekonomikoa, ez ekologikoa

Nuria Lopez de Guereñu famatu egin zuen proiektuaren beste ezaugarria da hondamendi ekonomikoa eta ekologikoa. Hau da, jasangarritasuna ez da betetzen ez esparru batean ez bestean.

Guereñuk ziurtatu zuen AHTak trafikoa kenduko zuela errepideetatik eta ez da horrela izango. Hasteko, ez dakigu obra noizbait amaituko den. Baina, bestetik, ez dago balizko erabiltzaileen masa kritikorik. Gogoratu beharra dago AHTak Gasteiz, Donostia eta Bilbo soilik lotuko dituela, Iparralderekin ez baitu konexiorik izango, ezta Nafarroarekin ere, are gutxiago Burgosekin. Gainera, merkantziak ez ditu garraiatuko, nahiz Guereñuk kontrakoa hamaika aldiz errepikatu zuen.

Edonola ere, aipatzekoa da horrelako azpiegitura batek balizko erabiltzaile andana behar dituela errentagarri izateko. Horregatik da Txina abiadura handiko kilometro gehien duen herrialdea munduan. Eta Frantziako Estatuan, esaterako, Parisera doaz zati guztiak, hiri handiak zeharkatuta.

Gainera, trafikoa kendu ordez (esan bezala, ez ditu merkantziak mugituko) obretan ibilgailuen mugimendua biderkatu da, kamioiek etengabeko bidaiak egin behar baitituzte tuneletako lurrak garraiatzeko. Hau da, aipatutako ustezko abantaila bakarra (isurketak murriztea autoen edo hegazkinen erabilera zokoratuta) ez da bete eta CO2 isurketak handitu dira.

Horrek esan nahi du aldaketa klimatikoan eragin negatiboa izan duela azpiegiturak, eta ez positiboa, hainbat aldiz defendatu zuten moduan.

AHT: %54,7 gainkostea

Guereñuren kudeatzaile onaren irudia zapuzten duen beste datu bat da AHTren obrek sortu duten gainkostea: %54,7koa, Europako Kontuen Epaitegiaren arabera. Hau da, Espainiako Estatuko lineak baino nabarmen gehiago balioko du, ez da marka txarra. 

Aipatutako Autoridad Independiente de Responsabilidad Fiscal (AIReF) bere txostenean egotzi zien abiadura handiko tren sareei Espainiako Estatuan %30eko garestitzea euren kostua batazbestez, baina AHTak muga guztiak apurtzen ditu.

Zehazki, lanak hasi zirenean, Guereñuren sailak adierazi zuen kostea 4.200 milioi eurokoa izango zela. Egungo kalkuluak 6.500 milioi eurotan kokatzen dira. 

Hori guztia euskal herritarren patrikatik ateratzen ari da. Sailburuak berak horrela ziurtatu zuen, Eusko Jaurlaritzak aurreratzen baitu bere zatien dirua eta estatuak Kupotik egin behar du deskontua. Horrez gain, Europak %1,5 finatzatuko du soilik eta oso kritikoa izan da emaitzekin.

Batzorde berria, betiko ideiak

Aurrekari horiekin guztiekin, ez da harritzekoa Nuria Lopez de Guereñuk gidatu behar duen lana jasangarritasunaren esparruan trantsizio energetikotik urrun egotea, trantzisio energetikoa den arren Tubacexeko kaleratzeak gauzatzeko argudio nagusietako bat. 

Duela aste gutxi Berria egunkarian horri buruz aritu ziren bera eta Juantxo Lopez Uralde. Guereñuk argi eta garbi azaldu zuen zein den bere apustua: gasa. Erantzunak ez du ezustean inor harrapatuko, jakinda ekologia ez dagoela bere interesen artean, baina bertan behera uzten ditu bere enpresak, Tubacexek, baliatutako argudio guztiak 129 kaleratzen gauzatzeko. 

Izan ere, multinazionalak errepikatu du petrolio eta gasaren sektorea amaitzear dagoela. Baina, aldi berean, defendatzen dute gasean zentratu behar dela trantsizio energetikoa eta multinazionalaren jarduera. Hitzei arreta eskaintzen dion edonork ikus dezake hori ez dela trantsizioa, ereduak erregai fosiletan oinarrituta jarraitzen baitu.

Hau da, aldaketa klimatikoan eragin negatibo zuzena duten bi energia iturri dira Tubacexen etorkizuna, CO2 isurketak biderkatzeko asmoarekin.

Zalantzarik egonez gero, Tubacexek ez dio uko egiten petrolioari ere. Hona hemen Guereñuk horren harira utzitako beste titular bat: "Ez da errealista petrolioa urte gutxiren buruan erabiltzeari utziko zaiola pentsatzea".

Ondorioz, non dago Guereñuk eta Tubacexen Administrazio Kontseiluak aldarrikatu duten egiturazko krisialdia, merkatu hori lehenesten jarraitzeko asmoa badute? 

Guereñu, kontseiluaren neurria

Azaldutako guztiaren alderik beldurgarriena ez da, ordea, Guereñuk duen curriculuma jasangarritasunaren eta gobernu onaren esparruan, baizik eta bera izan dela Administrazio Kontseiluaren barruan topatu duten kiderik egokiena gobernu onaren batzordearen burua izateko. Beste hitz batzuetan esanda, nolakoak dira gainerako kontseilukideak?

Hori ikusita, ez da ezustekoa Tubacexek bizi duen egoera, ez baita zaila erabakitze esparru horretan duten ohiko prozedura: inposizioa eta harropuzkeria.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide