Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusaren eboluzioa jarraitzen duen txosten epidemiologiko berria plazaratu du. Ostiraletik igandera bitartean Aiaraldean egindako PCR eta antigeno azterketetan bi COVID-19 kutsatze berri atzeman ditu Osakidetzak, biak Orozkon.
Horrenbestez, intzidentzia metatuaren tasak behera egiten jarraitzen du Aiaraldeko udalerri ia guztietan, azken asteetako tendentzia jarraituz. Orozkon bakarrik igo da ratioa, 100.000 biztanleko 380,08 kasuetara iritsita.
Neurrien malgutzea
Kasuen beherakadaren aurrean, irailaren 17an indarrean dauden hainbat neurri murriztaile malgutuko dituela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak aurreko astean. Ostalaritza eta jarduera kulturalen ordutegiak luzatu eta edukierak handitzea izango dira hartuko diren erabakietako batzuk. Jaurlaritza, gainera, irailaren 30ean itxiko ditu txertaketa puntu handiak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen %90a txertatuta egongo baita ordurako.