Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak koronabirusaren eboluzioa jasotzen duen txosten epidemiologiko berria plazaratu du. Bertan jaso dituzte atzo -irailak 16- Aiaraldean egindako PCR eta antigeno azterketen emaitzak. Osakidetzak Laudion detektatu du COVID-19aren kutsatze kasu berri bakarra.
Positibo kopurua nabarmen ari da murrizten azken astean eta, horrenbestez, intzidentzia metatuaren tasak ere behera egiten jarraitzen du eskualdeko udalerri gehienetan.
Gaueko aisialdia zabalik
LABI batzordeak, urte eta erdiren ostean, gaueko aisialdia irekitzea ebatzi du, eta bihartik aurrera sartuko dira indarrean neurri berriak, orain arteko neurri murriztaileak leunduz.
Gauzak horrela, diskotekek goizaldeko 3:00ak arte irekita egoteko aukera izango dute. Edukiera %50ekoa izango da, eta dantzalekuan dantzatzeko aukera egongo da, betiere maskara jantzita. Barran eta zutik kontsumitzea debekatuta egongo da oraindik.
Gazte lokalak zabaltzeko aukera ere laster aplikatuko duela azaldu du Jaurlaritzak, 18 eta 29 urte bitarteko gazteen txertaketa % 85era iristen den unean.