IRITZIA

Zaindu ditzagun zaintzen gaituztenak

Ludi Temiño, Leire Sanjurjo, Maddi Isasi eta Maider Urtaran 2021ko ira. 20a, 07:00
Zaintza sektoreari buruzko mahaingurua egin zen larunbatean Laudion. / Aiaraldea.eus

Haritik tiraka jardunaldien barruan zaintza sektoreko langileekin mahai-ingurua antolatu zuten larunbatean. Ludi Temiñok, Leire Sanjurjok, Maddi Isasik eta Maider Urtaranek iritzi zutabea plazaratu dute solasaldian bildutako hausnarketak oinarri hartuta.

Pertsonak ondo (edo hobeto) sentitu daitezen laguntzeak ondo sentiarazten nau. Eta nire lana gogoko dut, zaintzea gogoko dut, sufritzen duten horiei bizi kalitatea hobetzen laguntzea”. “Umeekin egotea, entzutea, hezkuntza prozesuaren parte izatea da nire lanaren alderik politena”. Ezkutuan eta aitortzarik gabeko zaintza lanaz harro hitz egiten duzue. Zaintzea zeinen ederra den gogorarazten diguzue berriz ere, inoiz jakin izan bagenuen behintzat.

Harrotasunez bai, baina kezkaz ere, frustrazioz, nekatuta, minduta aritzen zarete. Zaintza lanek eragin dizueten min fisikoarengatik, eta baita sistema kapitalista patriarkal honek zaintzarekiko duen mesprezuak eragin dizuen min psikologikoarengatik.

Asteburu honetan Aiaraldeako kaleetan entzun ditugu zaintza sektoreko hainbat eremutan diharduten emakumeen errelatoak. Hunkigarriak eta kezkagarriak.

Alde batetik, zaintzeko eskaintzen zaizuen baliabide faltagatik: denbora murriztua, erritmo biziak, segurtasun eza, baita material eta inbertsio falta. Eta bestetik, lanpostuetan bizi dituzuen egoera prekarioengatik: behin-behinekotasun tasa altuak, txandakatzea, kualifikazio eta ordainsari-maila baxua, besteak beste. Honek guztiak agerian uzten ditu zaintzaren aitorpen sozial eta profesional falta, gero eta konplexuagoak diren egoerei erantzuteko prestakuntzarik eza, edota norberaren eta lanaren mailaz igotzeko aukera falta.

Errealitate gordina bizi da Aiaraldeako erresidentzietan, eskoletako jantokietan, etxez etxeko langileen zerbitzuan, baita garbiketa sektorean ere. Sektore feminizatuak denak, bazterrekoak, sistema honetan ezkutukoak, baina gure gizartean funtsezkoak.

Esandakoak entzun eta gero, emakume hauen umiltasunak liluratu gaitu gu. Izan ere, zer aldarrikatzen duzuen galdetzen zaizuenean: “denbora” diozue. Zaintzeko, ume zein heldu bakoitzaren erritmoak errespetatzeko, eta behar fisiologikoez harago pertsonak modu integralagoan artatzeko denbora. Zaintzea ere entzutetik, ulertzetik eta konfiantzazko harremanak garatzetik asko duelako.

Baina gu nekatu gara, eta uste dugu badela garaia emakume eta herritar bezala eskatzetik exigitzera igarotzeko. Herritar bezala dagozkigun eskubideak bete daitezen nahi dugu, eta dagokienei erantzukizuna har dezaten eskatu.

Azken garaiotan suertatzen ari den zaintzen pribatizazio prozesuen aurrean sistema publiko eta komunitarioaren beharra exigitzen dugu. GUZTION zaintza beharrak kalitatez asetuko dituena. Eta ez genituzke onartu behar sistema publikoa pribatua baino hobea dela diotenen diskurtso konformistak. Hobea izateaz gain, kalitatezkoa ere izan behar duelako. Guztientzat, hurbila eta duina. Eta gure zaintza beharrekin negozioa egin nahi duten enpresa pribatuek eskaini dezatela maila honetatik gorako zerbitzua! Gure bizitzekin negozioa egin nahi dutenek aurrez aurre aurkituko gaituzte!

Hautsi dezagun herritar autonomo eta independentearen mitoa. Denok behar(ko) dugu zainduak izan gure bizitzan zehar. Aiaraldean ere eman dezagun pausu bat aurrera zaintzen demokratizaziorantz, aitortza politiko-sozialerantz, zaintzen banaketa justurantz eta zaintzaileen baldintza duinak lortzeko biderantz. ZAINDU DITZAGUN ZAINTZEN GAITUZTENAK!

SOS AIARALDEA, SOS ZAINTZAILEAK.

Ludi Temiño, Leire Sanjurjo, Maddi Isasi eta Maider Urtaran

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide