Iragan astelehenean -irailak 20- burutu zen Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren, Tubacexeko zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen arteko azken bilera.
Irailaren 12tik hasita, hiru egunez bildu ziren alde guztiak lan-gatazkari atereabidea emateko helburuarekin. Azken bilera horretan Eusko Jaurlaritzak proposamena luzatu zien bi aldeei, bateko zein besteko argudioak eta arrazoiketak entzun ostean.
Nahitaezko kaleratzeen aukera mahaigainean jarriz, Jaurlaritzak multinazionalaren tesiak onartu ditu, eta entzungor egin die kaleratzeak baliogabetu zituzten EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiei.
Jaurlaritzak, ordea, aldatu egin du astelehenean mahaigainean aurkeztutako proposamena, multinazionalak 2021ean nahitaezko kaleratzeak eta doikuntza ekonomikoak egiteko aukera ahalbidetuz, hasierako proposamenean ez zegoen neurria. Langileen ordezkarien iritziz, azken orduko aldaketa honekin Eusko Jaurlaritzak amore eman du Tubacexeko zuzendaritzaren presioen aurrean eta, ondorioz, proposamena ez onartzea erabaki du.
Multinazionalak berriro sindikatuen erabakiak lantegien etorkizuna kolokan jartzen duela adierazi du, behin baino gehiagotan erabili duten argudioa haizatuz. Zuzendaritzaren ohar batean bidez aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzarekin mantendu ditutzen bileretan mahaigaineratutako proposamena. "Enpresak ahalegin handia egin du nahitaezko kaleratzeen kopurua murrizteko" azaldu du Tubacexek. Azken honek kaleratzeak 129 izatetik 95 izatera pasatzea proposatu zuen negoziaketan, ustezko eskuzabaltasun ariketa batean.
Eusko Jaurlaritzak ez du baloraziorik egin nahi izan bi aldeek proposamenaren inguruan egindako balorazioetaz, ezta azken hiru egunetan hasierako proposamenari gehitutako elementuetaz, zuzendaritzak exijitutako nahitaezko kaleratzeen aukera hain zuzen ere.
Lan baldintzetan ere eragina izango luke Jaurlaritzaren azken proposamenak, multinazionalak eskatu bezala: lan orduak 40 orduz igotzea urtero. Hainbat iturriren arabera horrek 29.600 ordu gehiago lirateke urtean guztira, hots, langileek asumitu beharko lituzketen 17,8 lanpostu berri. Gainera, ez litzateke lan hitzarmenean adostutako 30 kontratazio berriren konpromisoa beteko.
Erabaki horrekin Jaurlaritzak multinazionalaren tesiak onartu ditu, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiek kaleratzeak baliogabetu zituen arren.
129 kaleratzeen aurka otsailean abiatutako greba mugagabeak 225. eguna bete du gaur eta, beste egun batez, Amurrio eta Laudioko piketeetan batu dira grebalariak.