Gaurko eguna modu bizian hasi da Tubacexeko langileentzat. Izan ere, zenbait hedabidek adierazi dute aurreakordioa dagoela grebarekin amaitzeko. Errealitatea, ordea, ezberdina da. Izan ere, bihar 16:00etan elkartuko dira Tubacexeko zuzendaritza, sindikatuak eta Eusko Jaurlaritza, akordioa posible den aztertzeko.
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren deia jaso dute sindikatuen ordezkariek eta Administrazioak azaldu die enpresako zuzendaritzak prestutasuna agertu duela akordioa eragotzi zuen paragrafoa aldatzeko. Testuaren zati horrek kaleratzeak ahalbidetzen zituen, besteak beste, eta ezer ezean utzi zuen Eusko Jaurlaritzak, enpresak eta sindikatuek abiatutako negoziazio prozesua.
Momentuz, langile batzordeak Eusko Jaurlaritzari bilera egitea eskatu dio. Batzar horretan multinazionalak ere hartuko luke parte eta horrela ziurtatuko lukete iragarritakoa egia dela. Horrela izango balitz, gatazkan dauden aldeen artean adostuko lukete testu berria.
Aurreko negoziazio mahaiaren prozedurari jarraiki, sindikatuen batzarretan erabakiko lukete gero langileek akordioa ontzat ematen den edo ez. Hori dela medio, oraindik greba ez dago amaitzeko fasean. Izan ere, langile erakunde guztiek ez dute iritzi bera aurreko akordioari buruz.
Aurreakordiorik ez
Zenbait sindikatuk adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari Tubacexeko zuzendaritzak bere ohiko prozedua baliatu duela berriro: albistea komunikabideei sndikatuei baino lehen filtratzea.
Hain zuzen, hedabideek aurreakordioa iragarri eta gero jaso du Langile Batzordeak Eusko Jaurlaritzaren deia.