Pasa den astean Tubacex enpresako lan gatazkak eduki ugari utzi zituen hedabideetan, ezer ezean geratutako negoziazioen ostean. Hala ere, informazio jarioa ez zen eten eta hurrengo egunean Tubacexeko langileak eta Ertzaintza protagonista zituzten bi bideo biral bilakatu ziren.
Horietako bat Cadena Ser irratiko 'La Vida Moderna' saioan agertu zen atzo. Hector de Miguel 'Quequé' umoregileak edukiaren berri eman zuen, honakoa iruzkinduta: "11 segundotan historia zoragarria gertatzen da".
Premio al mejor vídeo de septiembre. MASTER PIECE en solo 11 SEGUNDOS. Disfrutad.@HectorDeMiguel → https://t.co/i9zQPscVCT pic.twitter.com/6jrGpmKuQu
— La Vida Moderna (@vidamoderna) September 29, 2021
Izugarri zabaldu den bideo horretan, Tubacexeko grebalari batek honakoa esaten dio eskuan bideo-kamara duen poliziari: "tapa kendu, ez zara ezer grabatzen ari".
Irudiek publikoaren eta David Broncanoren zein Ignatius Farrayren barre algarak eragin zituzten eta 'La Resistencia' saioko aurkezleak ere hitza hartu zuen horri buruzko txisteak egiteko.
Aiaraldea Hedabidea harremanetan jarri da ertzainari hitz egin zion langilearekin eta horrek adierazi dio saioa ikusi duela eta grazia egin diola. "Izan ere, bideokamarak ez zuen taparik", nabarmendu du.
Irudi biral gehiago egun berean
Greba egun horretako piketeak pasadizo umoretsua utzi bazuen ere, goiz berean beste bideo bat grabatu zen, sare sozialetan nabarmen zabaldu zena, eta kasu horretan ez zen izan barre egiteko modukoa.
Hain zuzen, Tubacexeko enpresa batzordeko ordezkari batek errespetua eskatu zien ertzainei eta hauek eraman, identifikatu eta salatu zuten: