Objektuak trukatzeko plataforma digitala inauguratu du gaur Aiarako Kuadrillak

Aitor Aspuru Saez 2021eko irailaren 30a

Gaur bertan sareratu dute webgunea. / Aiaraldea.eus

Erabilitako artikuluak jasotzeko zein emateko balio du bitarteko berriak eta Laudioko Garbiguneko berrerabilpen etxolan lagatu zein hartuko dira.

Gaur eguerdian aurkeztu du Aiarako Kuadrillak Dugud plataforma birtuala. Erabilitako artikuluen bizitza luzatzeko balioko du tresna horrek, hondakinen kopurua murrizteko eta ekonomia zirkularra sustatzeko, eta nahi duenak izena eman dezake jadanik egitasmoan. Horretarako, posta helbide elektronikoa eta inprimakia bete baino ez da egin behar.

Dugud hitza ingeleseko "do good" (on egin) esaeratik sortu dute eta asmoa da jendeak bat egitea ekonomia zirkularrarekin eta hondakin kopurua murrizteko konpromisoarekin. Horrela azaldu du Encina Castresanak, kuadrillako presidenteak. Cespa enpresako bi ordezkari ere egon dira aurkezpenean, enpresa horrek kudeatzen baitu zerbitzua kuadrillan.

Baldintzak

Objektuak eskuratzeko puntu sistema baliatuko dute eta soilik izena emateagatik 100 puntu lortuko dira, eta beste 100 zerbait ematen den bakoitzean. Artikuluak jasotzean, ordea, 50 puntu galduko dira bakoitzeko. 

Produktuen argazkiak eta ezaugarriak erabiltzaileek eurek argitaratuko dituzte, salbu webgunean erroldatzeko asmorik ez badute. Izan ere, kasu horietan Garbiguneko langileek egingo dute lan hori. Sei kategoriatan sailkatu dituzte gauzak: kirola eta aisia, haurrak, etxea, dekorazioa, brikolaje eta lorezaintza eta elektronika.

Halaber, 7 eguneko epea egongo da gauzak utzi zein hartzeko, Laudioko Garbiguneko berrerabilpen etxolan, hain zuzen. Herritar bakoitzak 4 artikuluren erreserba egin dezake, gehienez, aldi berean, eta 5ena, aldiz, hileko.

Ekimen gehiago

Plataformaren egistasmoa ez da isolatua, helburu bera duten truke kutxak jarri baitzituzten udan. Horrez gain, Aintzane Arbaizagoitia Ingurumen teknikariak azaldu du kuadrillako Gizarte Ongizateko langileek profil berezia izango dutela -objektuak eskuratzeko mugarik gabe-, udaletan agertzen diren premiazko beharrak asetzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide