Tubacexeko zuzendaritzaren akordioa ez dute onartu sindikatuek

Aitor Aspuru Saez 2021ko urr. 1a, 19:47

Tubacex enpresako Laudioko lantegia gaur./ Aiaraldea.eus

Gehiengoak, hau da, ELAko eta CCOOko afiliatuek, akordioa babestu badute ere, CCOOk proposatu du langile guztien arteko bozketa, gehiengoa nahikoa ez dela iritzita.

Arratsaldean iragarri bezala, Tubacexeko zuzendaritzak egindako proposamena ez dute onartu gaur enpresako sindikatuek. Berez, gehiengoaren babesa lortu du akordioak -hau da ELA eta CCOOrena-, baina CCOOk iritzi du hori ez dela nahikoa. Izan ere, enpresa batzordean ordezkaritza duten sindikatuen gehiengo oso estu batek babestu du akordioa: 7 ordezkari alde eta 6 kontra.

Ondorioz, CCOOk ez du sinatuko ituna eta proposatuko dio Langile Batzordeari behargin guztientzako bozketa deitzea. STATek eta Independenteek eskaera bera egin zuten atzo, baina ez zuen aurrera egin.

Gauzak horrela, 233 eguneko greba luzatuko da korapilo hori askatu arte. Ikusteke dago ELA eta LABen erantzuna CCOOk adierazitako ekimenari dagokionez.

Edonola ere, gaurko emaitzak ez dira oso argigarriak izan. ELAren afiliazioaren bozketa izan da hurrengoa: 125 alde, 50 kontra, 2 zuri eta boto baliogabe bat. CCOOren kasuan, %67ak babestu du akordioa. LABek eta STATek kontra bozkatu dute. Hain zuzen, STATeko 67 kidek aurkako boza eman dute eta 47k aldekoa.

Sindikatu Independenteak ez du ezta bozkatu ere egin eta atzoko planteamenduari eutsi dio, langile guztiek bozkatu behar dutela aldarrikatuta.

Astelehenean bilera

CCOOk deituta, astelehenean batzarra egingo du Tubacexeko Langile Batzordeak. Hala ere, ELAk aurreratu du, Eusko Jaurlaritzarekin adostu bezala, gehiengoak testua babesten duela ikusita, astelehenean hitzordua eskatu dutela Gasteizen ituna sinatzeko.

Eusko Jaurlaritzak, ordea, azaldu dio sindikatuari CCOOk bere jarrera argitu arte, komenigarria dela batzarra ez egitea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide