Tubacexeko Enpresa Batzordeak argi berdea eman dio Eusko Jaurlaritzak lan gatazkari amaiera emateko aurkeztutako proposamenari. Ostiralean enpresan ordezkaritza duten sindikatuen afiliazioaren esku geratu zen proposamenari oniritzia ematea. LAB eta STAT sindikatuak akordioaren aurka azaldu ziren, Independenteek bozketa orokorra eskatu zuten, eta, azkenik ELAk eta CCOOk akordioa babestu zuten.
Akordioa, beraz, oso gehiengo estu batek babestu zuen: enpresa batzordeko 7 ordezkari alde eta 6 kontra. Hain zuzen ere, gehiengo estu horrek zalantzak sortu zituen CCOO-n, nahikoa ez zela iritzita, eta bozketa orokorraren alde egin zuten sindikatu horretako ordezkariek.
Greba mugagabea amaitzear
Gaurko bileran posizionamendua argitu du enpresa batzordeak, eta ostiralean lortutako gehiengoarekin akordioa sinatzearen alde egin dute, bozketa orokorrik egin gabe. Langileen ordezkariek Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailari jakinarazi diote erabakia, eta gaur eguerdiko 13:30etan batzartu dira hiru aldeak Bilboko Eusko Jaurlaritzako egoitzan.
Akordioa sinatu arte indarrean jarraituko du dagoeneko 236 egunez luzatu den greba mugagabeak.