AZKEN ORDUKOA

Tubacexeko greba mugagabea amaitzea adostu dute

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urr. 4a, 15:16

Eusko Jaurlaritzako Bilboko egoitzan sinatu dute akordioa gaur eguerdian. / Aiaraldea.eus

Bukatu da greba mugagabea, bihar goizeko 6:00etan lanera bueltatuko dira langileak. ELAk, CCOOk eta Independienteek sinatu dute, Eusko Jaurlaritza eta multinazionaleko zuzendaritzarekin batera, greba mugagabeari 236 egunen ondoren amaiera eman dion akordioa.

Gaur goizean enpresa batzordeak argi berdea eman dio Eusko Jaurlaritzak iragan astean aurkeztutako proposamenari. Hasiera batean adostu bezala, ordezkaritza duten sindikatuen afiliazioaren gehiengoaren babesa nahikoa izan da akordioari oniritzia emateko, bozketa orokorrik egin gabe.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan batzartu dira gaur eguerdian hiru aldeak akordioa ixteko asmoz: enpresa batzordea, zuzendaritza eta Enplegu Saila. Azkenean ELA, CCOO eta Independienteen sinadura jaso du akordioak. LAB eta STAT sindikatuek ez dute akordioa babestu, aurreko astean adierazi bezala.

Jaurlaritzak hedabideen aurrean nahi zuen akordioaren sinadura egin, baina ELAk uko egin dio horri eta, beraz, Enplegu Sailaren prentsaurrekoaren ostean, ateak itxita sinatu dute 236 egunez luzatu den lan-gatazkari amaiera eman dion akordioa.

Akordioak 129 beharginen kaleratzea galarazi du, eta multinazionalak Madrilgo Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitea erretiratu du. Horren truke, langileek soldatak 3 urtez izoztu beharko dituzte eta urtean 40 orduz luzatu lanaldia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide