OIHANE OFOGO

“Arrazistak gu?” erantzun eta aldaketa bila, usteak zulora

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko urr. 19a, 07:05

Oihane Ofogok hartu du parte, besteak beste, Zulora multimedia saioan. / Hiru Damatxo

Gazte arrazializatuen bizipen eta errealitateei buruz aritu da Oihane Ofogo laudioarra Zulora podcast eta ikus-entzunezko programan, Leo Bueriber eta Jon Arantzabalekin batera.  

Nolakoa  da gazte arrazializatua izatea XXI. mendeko euskal gizartean? eta Aiaraldean? Oihane Ofogo laudioarrak zulora eraman ditu arrazismorik ez dagoenaren usteak. Eitb Mediarentzat Hiru Damatxok ekoitzitako Zulora programan azaldu duenez, arraza kontzeptua definitzetik hasi behar da gogoeta: “Biologiak ez du definitzen, ez da kontzeptu zientifikoa. Eraso arrazisten objektu izan daitekeen pertsona oro sailka genezake arrazializatu gisa”. Leo  Bueriber gasteiztarrarekin eta Jon Arantzabal bergararrarekin batera aritu da solasean aiaraldearra, Ane Zuazubiskar aurkezlearen haritik. 

Arrazagatik etiketatuak eta azpiratuak dira gaur egun ere euskal herritar asko. Jon Arantzabalentzat arrazakeria etiketa edo hitz bat baino, egunerokotasunean barneratutako kontua da: “Jendeak hipotesi edo hitz moduan du arrazakeria, baina eguneroko gauza da. Etiketa horren atzean beti dago ordaindu beharreko prezio bat”. 

“Txikitatik modu natural batean bizi dut nire familiaren kolorea eta nirea.  Madrilen (Espainia) bizi izan nintzen 4 urtez, baina Laudiora (Euskal Herria) iritsi ginenean 'beltza' bezalako komentarioak entzuten hasi nintzen, liskarretan adibidez, irain gisa”

Bizipenetara ekarrita, hainbat modutan jasan izan dute aipatutako hiru gazteek arrazakeria. Oihane Ofogoren aita Kamerungoa da, eta ama Laudiokoa. “Txikitatik modu natural batean bizi dut nire familiaren kolorea eta nirea.  Madrilen (Espainia) bizi izan nintzen 4 urtez, baina Laudiora (Euskal Herria) iritsi ginenean 'beltza' bezalako komentarioak entzuten hasi nintzen, liskarretan adibidez, irain gisa”. Une horretan izan zen kontziente Ofogo kolorearen pisuaz: “Gizarteak ez zuen -eta ez du- ikusten gauza positibo bezala”.

Arrazaz gain, jatorriak ere badu zama. “Ez da berdina adoptatua izatea, edo hemengo zein etorkin baten alaba-semea izatea. Jasaten dituen arazoak ez dira berak. Dena den, bizi ditugun egoerak kasu askotan oso antzekoak dira”, erantsi du Ofogok. Leo Bueriberrek ere bat egin du gogoetarekin: “Pertsona zuri batentzat gu 'garena gara', ikuste hutsarekin  kalifikatibo bat dute zuretzat”. Horregatik, akaso, ekin zion bere buruari honakoa galdetzeari Ofogok: “Zergatik gertatzen zait hau? Eta orduan ohartzen zara ez zarela bakarra”. Gaztea izatean, arrazismoaren arazoa estaltzeko joera zuen laudioarrak, “baina gero zerbait sistematikoa dela ohartzen zara”. 

Normalizatzea arazo

Biolentzia normalizatuegi dago, denen ustez. “Beltz alua! deitzen zaituztenean, ez zaude ados; gaizki dagoela badakizu, baina ez duzu identifikatzen eraso arrazista bezala”. Bidasoan (Gipuzkoa) aurten 3 hildako izan dira, Anaitze Agirre EHUko irakasle eta Harrera elkarteko kidearen hitzetan: “Heriotza hauek ez dira gertakari isolatuak. Erantzule eta arrazoi batzuk dituzte: aplikatzen zaizkien politika migratzaile arrazistak”. Euskal Herria, ordea, nazio solidariotzat dute. Horren adibide dira Harrera elkartea edota zenbait herri mugimendu: “Erakundeek benetako harrera aplikatu behar dute, orain ez da egiten”.

Migratzaileak Afrikatik datozenean, eta jendea Mediterraneoko itsasoan hiltzean ez da ahotsik altxatzen, Ofogoren aburuz, “hemen ezikusiarena egiten da

Migratzaileak Afrikatik datozenean, eta jendea Mediterraneoko itsasoan hiltzean ez da ahotsik altxatzen, Ofogoren aburuz, “hemen ezikusiarena egiten da”. Leo  Burubierrek argi du: “Normaltasunaren barnean biolentzia dago, egunerokotasunean. Aurreko astean Gizarte Zerbitzuetara joan nintzen, eta bertako langile batek hizkuntza bortitz eta jarrera arrazistarekin hartu ninduen. Kanpora bota ninduen, eta polizia deitu zuen. Dena den, indarkeria bera da inguruak halako egoerekiko duen normaltasuna”. Lan eremua ere izan daiteke horren erakusle: baldintza prekarizatuetan dihardute ia beti: “Zorakeria iruditzen zaigu pertsona zuri batek polizia deitzea Estatu Batuetako bere lorategietan beltz bat dagoelako, baina normala iruditzen zaigu pertsona migratu bat egotea 24 orduz amona bat zaintzen etxean”. 

Biolentzia arrazista, nonahi

Begiradak, hitzezkoak ez diren keinuak eta abar ere gorroto delitu izan daitezke. “Gorrotoa askotan begietan ikusten da, baina ezin da frogatu” aipatu du Burubierrek. Oihane Ofogok hegaldi batean bizitakoa ekarri du gogora: aldameneko bi lagun, euskaraz, berari buruz aritu ziren hizketan: 'Neska honek zer egingo du ile horretan zorriak dituenean, ilea moztu?'. “Momentu horretan ez nuen jakin erantzun edo ez, begiratu egin nien, eta ohartu egin ziren entzun eta ulertu niela. Aitarekin noanean ere halakoak askotan gertatu zaizkit. Esaterako, aireportuan arrazoirik gabe identifikatzeko eskatzea. Jarrera arrazistak azkar identifikatzen dira”.

Nolako eragina du, ordea, pertsonengan? Generoak arrazakeria areagotu edo baldintzatzen al du? “Nire nebak edo nik, ez ditugu gauza berak jasaten”, nabarmendu du Ofogok. Harremantzerakoan ere bistakoa da aldea: “Ligatzean askotan gertatu zait entzutea 'ez naiz inoiz neska beltz batekin egon, probatzea gustatuko litzaidake'”. 

Estereotipoen eraginaz ere mintzatu dira ikus-entzunezko saioan hiru gazteak: “Jende zuriak ez daki nola hitz egin pertsona beltz batekin”. Jon Aranzabalek maiz edukitako elkarrizketarekin laburtu du egoera: “Askotan galdetu didate zein ondo hitz egiten duzun euskaraz... Nongoa zara? Ni? Bergarakoa! Ez, baina non jaioa? Donostin.  Eta zure gurasoak? Bergarakoak”. 

“Aldaketa estrukturalik egin gabe ezinezkoa da arrazakeriarekin bukatzea"

Hargatik, hiruek ala hirurek azpimarratzen dute jarreren garrantzia. “Aldaketa estrukturalik egin gabe ezinezkoa da arrazakeriarekin bukatzea, jatorria eredu ekonomikoa delako. Afrikako baliabideei esker mantentzen da gure bizimodua. Jendeak kontzientzia izan arren, ez badira munduan aldaketak egiten, oso zaila da izango da jarrera horiek ez mantentzea”.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide