Aiaraldea Ekintzen Faktoriako feminismo lantaldeak (Bor-Bor elkarteak) ekimen berria jarri du martxan. "Eskualdeko emakume sortzaileak euskaraz saretzea" eta euren lanak zein ezagutzak sozializatzea izango da helburu nagusia. Gainera, Euskal Herriko emakumeek osaturiko Dinagu kolektiboaren "Nomadak gaittun" dinamikarekin egingo du bat azokak. Horretarako data hautatu dute jada: azaroaren 20a. Alabaina, partaide kopuruaren arabera, Bor-Bor elkarteak ez du baztertzen asteburu osora luzatzea jarduera.
Euskal Herriko emakumeek osaturiko Dinagu kolektiboaren "Nomadak gaittun" dinamikarekin egingo du bat azoka
Urriaren 12an egin zuten ideia garatzeko lehenbiziko bilera irekia, Faktorian bertan. Hainbat diziplina eta sorkuntzetako kideak hurbildu ziren hitzordura, eta urtean zehar bailarako herrietan errepikatzeko ekintza bateratua diseinatzen ari dira. Iganderako -urriak 24- deitu dute hurrengo bilera, 18:30ean Aiaraldea Ekintzen Faktorian (Errotari kalea, 4-8 pabilioia, Laudio). Modu horretan, behin-betiko egitaraua zehaztuko dute partaide guztien artean.
Izen-ematea, zabalik
Interesa duen sortzaile orok eman dezake egitasmorako izena, feminismoa@aiaraldea.eus posta helbidera mezua bidalita. Horretarako epea, urriaren 24an bukatuko da. Bor-borreko kideen hitzetan, bestelako dinamika batzuk ere dituzte buruan: eskualdeko emakume ekoizleen katalogo edo aldizkaria osatzea, artisau zein ekoizleen aurkezpen saioka antolatzea eta abar.