Pandemiak herritar guztion bizitzak jarri ditu hankaz gora, hori bistakoa da. Bizi ohitura asko irauli eta lehentasunak birpentsatzeko parada ekarri du dagoeneko bi urtez luzatu den egoera distopikoak. Orain arte erdigunean egon ez diren gai asko ari dira bistaratzen; ikusteke dago hauei zenbatean eusteko gai garen. Horien artean dago buru osasunari arreta eskaintzearen beharra.
Ez da hutsetik sortutako kezka, koronabirusaren izurriak berak hauskorragoak bilakatu gaitu, eta orduan jo dugu bazter batean alboratuta genuen buru osasunaren garrantzia lehen lerrora ekartzera.
Pandemiarekin batera ugaritu egin dira zenbait gaitz, hala nola estresa eta antsietatea, baita neke orokortua ere, eta ziurgabetasuna gure eguneroko hiztegiaren parte bilakatu da.
Gazteak jo puntuan
Gazteak dira errealitate horren biktima nagusienetarikoak. EAEko Gazteen Behatokiak sakonean aztertu ditu pandemiak gazteengan utzitako orbanak “Gazteak eta pandemia. Adituen begiradak” izeneko txostenean. Lehenengo datua oso argigarria da: arreta psikiatrikoa jaso duten Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako gazteen kopuruak %50 egin du gora azken urtean.
Arreta psikiatrikoa jaso duten Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako gazteen kopuruak %50 egin du gora azken urtean EAEko Gazteen Behatokiak egindako ikerketa baten arabera
Elikadurari lotutako nahasmenduak ere ugaritu egin dira kolektibo honen artean, besteak, beste anorexia eta bulimia areagotuz. Bizkaian, esaterako, %153,33 hazi da anorexia nerbiosoaren ondorioz arreta psikiatrikoa jaso duten nerabeen kopurua.
Suizidio tasak ere urte batetik bestera gora egin du nabarmen, EAEn %27 igo da bere buruaz beste egiten duten pertsonen kopurua. 2020an 187 pertsonek egin zuten beren buruaz beste, horietako asko gazteak.
Gotzon Minguez Amurrioko Udaleko psikologo taldeko kidea da, urteak daramatza eskualdean. Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, konfinamendu garaian biztanleen erdiak baino gehiagok pairatu zuen ondoez emozionala. Minguezen hitzetan ondoez emozionalak ez du zertan gaixotasun mental bat ekarri behar, baina diagnostikatzeko aukerak handitu egiten dira. “20 eta 30 urte arteko pertsonak izan dira kaltetuenak” azpimarratu du psikologoak.
Amurrioko psikologoak sintoma eta patologiaren artean bereiztu du: “Dena irudikatzen dugu zuria edo beltza balitz bezala, baina tarteko egoera asko suertatu daitezke. Antsietatea eta depresio sintomak edonork pairatu ditzake, eta horiek, gero, ez dute zertan patologia batean bilakatu”. Sintomak kudeatzea ezinbesteko ariketa dela azpimarratu du Minguezek.
Esperientzia pertsonalak
Naiara Aldamak osasun mentaleko gaixotasun bat dauka diagnostikatuta 20 urte zituenetik. 40 urte ditu orain, ikasi du bere gaixotasunarekin bizitzen. “Nik urteak dramatzat arreta jasotzen. Pandemia iritsi zenean, gaixotasun mentalak diagnostikatuta dituzten pertsona askok oso gaizki pasa zuten. Zorionez, ez zen nire kasua izan. Pertsona bakoitza desberdina da eta oso modu desberdinean eragin digu egoerak. Egun onak eta txarrak nituen, bereziki koronabirusaz gaixotu nintzenean. Baina ezagutzen dut oso gaizki pasa duen jendea. Pentsa, gaixotasun mentalik diagnostikatuta ez duen jende askok txarto pasa badu, gaixotasun mental bat duzunean biderkatu egiten da hori”.
Arretaren garrantzia
Minguezek eta Aldamak argi dute pandemiak erdigunean jarri duela buru osasunaren gaia, baina oraindik ibiltzeke bide luzea dagoela uste dute. “Gehienok nabaritu dugu zerbait pandemian zehar: depresioa, antsietatea... Oraindik, ordea, buru osasuna tratamendu psikiatriko batekin lotzen dugu ezinbestean, eta ez da horrela, askoz gauza oinarrizkoagoa eta sinpleagoa da” adierazi du Gotozn Minguezek.
“Ohituak gaude gauzak gure baitan gordetzera, eta bola geroz eta gehiago handitzen da, lehertzen den unera arte”
Osasunaren aspektu fisikoan arreta asko jartzen den modu berdinean, osasun mentalean arreta ere jartzea ezinbestekoa da, Aldama eta Minguezen iritziz: “Gizartea ez dago kontzientziatuta, ez daki zertan datzan gaixotasun mental bat. Orain, pandemiaz geroztik, horren inguruan zerbait entzuten hasi da, baina ez da nahikoa”.
Naiarak bere inguruan gaizki dagoen jende asko aurkitu du, asko diagnostikatutako patologiarik gabeak, baina barnean duten ezinegona kudeatzeko gai ez direnak: “Ohituak gaude gauzak gure baitan gordetzera, eta bola geroz eta gehiago handitzen doa, lehertzen den unera arte”.
Pertsona asko laguntza jasotzeko prest ez daudela nabarmendu du Aldamak: “Ez dute laguntzarik onartzen. Nik hobera egin badut, eman dizkidaten aholkuak jarraitu izan ditudalako da”.
Gotzon Minguezek barruan dugun hori askatzeko aurkitzen ditugun zailtasunak aipatu ditu: “Normalean ez dugu inolako arazorik gripea dugula esateko; behea jota gaudela edo triste gaudela esateko, ordea, egundoko zailtasunak ditugu”.
Egunerokotasuna
Bai Aldamak, eta baita ASASAM elkarteko erabiltzaile askok, urteak daramatzate gaixotasun diagnostikatu batekin bizitzen, eta urteak joan urteak etorri, euren egunerokotasunak baldintzatuta jarraitzen du.
“Ni oso urduri esnatzen naiz egunero” azaldu digu gaixotasun mentala diagnostikatuta duen ASASAMeko kide batek, “egunak zer ekarriko didan ez jakiteak jartzen nau urduri”. Asko dira egoera berean aurkitzen direnak. “ASASAMera iristerakoan lasaitu egiten naiz, bertako ekintzetan gustura sentitzen bainaiz. Beti duzu beldur edo fobiaren bat. Nik eskizofrenia diagnostikatuta daukat, eta beldurra ematen dit keinu zehatz batzuek nigan izango duten eraginak” azaldu digu izenik eman nahi izan ez duen Laudioko bizilagunak. “Urte hauetan guztietan nire burua gauzak interpretatzeko gai da, orain badakit estimulo zehatz batzuk modu batean interpetatzen baditut nire gaixotasunaren eraginagaitik dela”.
Estigma batekin elkarbiziz
Gaixotasun mentalak eta hauek pairatzen dituzten pertsonak oso lotuak daude gizartearen aurreiritzi eta estigmetara. Ezjakintasunetik sortzen dira askotan aurreiritzi horiek guztiak, buru osasunak zer inplikatzen duenaren ezjakintasunak, patologiak dituztenen zein sintomak izan ditzaketen pertsona ororen kaltean, azken finean.
“Ezagutza ezinbestekoa da” azaldu dio Aiaraldea Hedabideari Laudioko bizilagunak, “nik ez banu eskizofreniarik, nire gaixotasuna diagnostikatuta duen baten bat ikusiz gero, pertsona hori zoratuta dagoela pentsatuko nuke. Tristea da, baina ezjakintasun maila oso handia da”. Eta nola egiten zaio aurre estigma horri? Bakoitzak ahal duen moduan egiten du; Naiara Aldamak, esaterako, umorearekin lantzen du, bai etxean bere anaiarekin, baita etxetik kanpo ere. “Nik uste gauzak normaltasun gehiagorekin landu behar ditugula. Nik gaixotasun mental bat daukat, niri tokatu zait hau pairatzea, baina edonori gerta dakiokeen zerbait da”.
Hain zuzen ere gaixotasun mentalek sortzen duten bazterketan jarri nahi izan dute arreta aurtengo Buru Osasunaren Nazioarteko Egunean. Egoera ekonomikoa, soziala edo hezkuntza-esparrukoa edozein dela ere, pertsona orok buru osasuna eskuragarri izatea aldarrikatu du ASASAMek. Desberdintasun sozialetan eta hauek buru osasunean duten eraginetan jarri du arreta elkarteak.
Desberdintasun sozialak
“Buru osasuna beharrezko eskubidea da” lelopean burutu dituzte aurtengo jarduerak, horretan inbertitzeak mundu mailan duen garrantziaz ohartaraztea helburu. Genero, adin, etnia, diru-sarrera, hezkuntza edo bizilekuaren araberako desparekotasunak murrizteko estrategiak eta neurriak eskatu dizkio ASASAM elkarteak administrazioari.
Izan ere, desparekotasun guzti horiek eragin zuzena dute pertsonen osasunean. Esaterako, diru-sarrera txikiak dituzten pertsonek 1,5 eta 3 aldiz aukera gehiago dute buru osasuneko arazo bat izateko, diru-sarrera altuagoak dituzten pertsonak baino.
Genero desparekotasunak ere faktore baldintzatzailea da. ASASAMek eskainitako datuen arabera, Espainiako Estatuan ohikoagoak dira buru gaixotasunak emakumeen artean gizonen artean baino; %14,1 eta %7,2, hurrenez hurren.
Beste faktore batzuk ere zerrendatu dituzte, hala nola: adinagatiko desparekotasuna, hezkuntza-desparekotasunak edota arrazakeriagatiko desparekotasuna. Enplegu tasan ere jarri dute arreta. Izan ere, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen enplegu tasa %16,9koa da, eta kopuru hori desgaitasun guztien arteko txikiena da.
Buru osasunean dagoen inbertsio urria salatu du Mari Angeles Arbaizagoitiak, ASASAMeko presidenteak. Hori dela eta, buru osasuneko arazoak dituzten pertsona askok ez dute beharrezko arreta jasotzen, horretarako eskubidea izan arren.
Neurri zehatzak
Iragan urriaren 8an, Laudioko Kasinoan egindako aurkezpenean hainbat neurri zehatz proposatu zituzten ASASAMeko kideek buru osasunaren esparruan dauden desparekotasunak murrizteko. Horien artean zeuden: adinekoak lagundurik sentitzeko eta beren bakardade sentsazioa murrizteko ongizate egoera sustatzea; hezkuntza esparruan prebentzioa eta hezkuntza inklusiboa sustatzea; jokabide arrazistak desagerrarazteko kontzientziazio kanpainak abiaraztea; errefuxiatuei, migratzaileei, asilo-eskatzaileei edo inoren kargura ez dauden adingabeei dagokienean; buru osasuneko beharrak ebaluatzea eta kolektibo horien premiak asetzea inbertsio publikoa handitzea; buru osasuneko arazoak dituzten pertsonak lan-munduan txertatzeko erraztasunak jartzea ;edota pertsona horiek guztiek baliabide soziosanitarioak eskura izatea.
Kolektiboaren babesa
Aldama, gaixotasun mental bat diagnostikatuta duten eskualdeko beste hainbetse herritar bezala, ASASAM elkarteko erabiltzailea da. Bertan aurkitu izan du pandemian zehar aurrera egiteko beharrezkoa zuen babesa: “Bideo deiak egiten genituen. Oso pozgarria zen talde guztia batera ikustea”. Kolektiboan ikusten dute askok euren burua babestuta, eta hor aurkitzen da buru osasunerako osagairik garrantzitsuenetariko bat.
“Geroz eta jende gehiagok buru osasunaz normalatsunez hitz egiteak, egundoko onura egiten digu patologiaren bat diagnostikatuta dugunoi”
Naiara Aldamak familiaren garrantzia ere azpimarratu du, izan ere, pandemiak honekiko zuen pertzepzioa aldatu baitu: “Gaixotasun mentala garatzen duzunean zure familiaren erdigune bilakatzen zara, babestu egiten zaituzte. Gaur egun, nik babesten ditut eurak, ez baitut haiei berdina gertatzea nahi”.
Askotan bakarrik eta bakartuak sentitu izan dira gaixotasun mentalak dituzten pertsonak, horregatik nabarmendu dute garrantzitsua dela jendeak gaiari arreta eskaintzea, eta izan ditzaketen sintoma desberdinei aurre egitea: “Geroz eta jende gehiagok buru osasunaz normalatsunez hitz egiteak, egundoko onura egiten digu patologiaren bat diagnostikatuta dugunoi” azaldu du Naiara Aldamak, “buru osasuna guztion beharra da, normaltasunaren eta ez-normaltasunaren arteko harresia apurtu beharra dago”.