Iragan uztailean aurkeztu zuen EH Bilduk Aiaraldeko suspertze ekonomikorako osatu duen plana. Ernaberri izena jarri zioten planari, eta eskualdeari begirako zazpi proiektu estrategiko zirriborratu zituzten bertan, 27 milioi euroko inbertsioa ekarriko luketenak guztira.
Orain, aldiz, plan hori jendearteratzeari ekingo diote. Eskualdeko 30 eragile baino gehiagorekin bildu nahi dute horretarako, ekarpenak eta iradokizunak jasotzeko.
Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak eta Ainhize Solaun eta Nerea Martinez batzarkideek parte hartuko dute bilera-erronda horretan. Epeen aldetik, helburu argia du talde politikoak: kontraste fase hori abenduan amaitzea.
Hauek dira EH Bilduren planak egiten dituen proposamenak eskualdeko suspertze ekonomikora begira:
- Aiaraldea sustatzeko zuzendaritza bateratua sortzea.
- Altzairutegiak, galdarategiak eta industria traktoreak modernizatzea.
- Lurzoruak eta industria-eraikinak berreskuratzea.
- Turismo jasangarria sustatzea.
- Nerbioiko parke lineala amaitzea.
- Etxebizitzak birgaitzea eta hiri-guneak birsortzea.
- Sukalde zentraleko sistema bat sortzea.
- Urduñan haragia transformatzeko zentro bat irekitzea eta Laudioko hiltegia eguneratzea.
- Mugikortasunaren elektrifikazioa.
- Kultura-sektorea bultzatzeko ekimenak.