IRITZIA

Lurrikara gara!

Aitziber Astobiza eta Jone Urruela 2021ko urr. 27a, 06:00

Ehunka neska* gazte elkartu ziren Elizondon. / EHNG

Elizondon ospatu zen Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzean izan ziren Aitziber Astobiza eta Jone Urruela, iragan urriaren 9 eta 10ean. Bertan bizitakoaren inguruan hausnartu dute.

Urriaren 9 eta 10ean Euskal Herriko neska* gazteon baterajotzea egin genuen Elizondon. Ez dakienarentzat, EHN*G, neska* gazte subjektua politikoki ezaugarritu eta gure problematika propioak mahaigaineratzea helburu duen sare eta mugimendua da. Baterajotzean, Euskal Herriko hamaika tokitako neska* gazteak bildu ginen ,krisi anizkoitz honetan bizi dugun testuinguruari buruz hausnartzeko, eta feminismoaren ikuspuntutik aurrera begira zein erronka ditugun zehazteko.

Pandemiaren eraginez, sistema heteropatriarkal kapitalista eta kolonial osoak egin du eztanda, herri eta langile sektoreak gogor kolpatuz, sistema bera jasangarria ez dela agerian utziz. Gainera, neska* gazteok gazte eta emakume izateagatik kolpea areagotu zaigula ikusi dugu. Antolakuntza eta jardun politikoa sustatzea hain zaila den momentu hau baliatu nahi izan genuen, kolektiboki beste eredu baten alde borrokatzeko.

Asteburuan zehar ekintzen eskaintza zabala egon zen. Lehen eztabaida zentrala larunbat goizean izan zen zeinengaia krisi anitzkoitzaren gakoak feminismotik landuta izan zen. Bazkalostean, tailer eta hitzaldi eskaintza anitza egon zen. Langile klasearen borrokak feminismo eta gazte ikuspegitik hasita, ekofeminismoa, eta trans borrokan bukatuta. Iluntzean aisialdirako denboraz gozatu genuen ipuin kontalari, bertso saio eta kontzertuekin.

Igandeari gogotsu ekin genion mugimenduaren oinarriak eta etorkizunera begirako erronkei buruz hausnartuz. Bukatzeko, amaierako ekitaldian argi geratu zen zurrunbilo honen erdian erresistentzia izango garela eta asteburua mugimendurako inflexio puntu bat izan dela.

Aiaraldetik neska* gazte talde bat joan ginen bertara eta esperientzia izugarri aberasgarria izan zen. Halaber, baterajotzea baliagarria izan zen gure artean saretzeko, elkar ezagutzeko, eztabaidatzeko eta beste errealitate batzuen berri izateko. Gainera, gozatzeko aukera ere izan genuen.

MUGIMENDUAN GAUDE, LURRIKARA GARA!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide