'Antzerkia eta txokolatea' zikloa antolatu du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak azaroa eta abendurako. Igandetan izango da dinamika, arratsaldeko seietan.
Bi helburu nagusi izango ditu ekimenak: “Aiaraldeko herritarrak antzerkira gerturatzea, eta teloien atzean ezkutatzen den horretaz solastea sortzaileekin”
“Antzerkira joateko ohitura gutxi dugu inguruotan, are eta gutxiago euskarazko antzerkia kontsumitzeko”, azaldu dute zikloaren sustatzaileek. Gauzak hala, bi helburu nagusi izango ditu ekimenak: “Aiaraldeko herritarrak antzerkira gerturatzea, eta teloien atzean ezkutatzen den horretaz solastea sortzaileekin”.
Horretarako, emanaldi hutsa baino gehiago eskainiko dute. Solasaldiak egingo dituzte sortzaileekin ikuskizunen ostean, “txokolate goxo baten konpainiarekin”.
Lau emanaldi
Lau obra taulartuko dituzte guztira zikloaren barruan. Hemen ikusi daitezke lanak eta trailerrak:
Azaroak 7: Erresistentzia arazo fisikoa da
Maite Aizpurua Olaizola
Noiz hasten da promesa bat materia bihurtzen? Nola egin korrika norbere gorputzetik? Korrika ibiltzea azelerazioari, pausu markatuei men egitea da running-aren kulturan. Saltaka egiteko ordea, gorputzaren memoriaren txokoetan gelditzera gonbidatzen gaituen antzerki-performanzea da honakoa.Sententzia medikoak, ibilera okerrak, desirak ironikoak eta diziplinamendu ariketak gurutzatzen diren geraleku konkretua arakatzeko parada.
Erresistentzia intimoak zeharkatu eta disidentziarako agertokiak asmatzea “diskapazitatea” kontzeptua barrutik lehertzeko. Makinaren dardara eta mamuak konpartitzea. Azkarrago harrapatzen ei zaio gezurtiari herrenari baino. Ibilian-ibilian baina, egia entrenatzen den gezurra besterik ez da. Martxan dabilen promesa.
Azaroak 21: Tribiz, baserri galdue
Jon Ander Urresti
700 urtetik gora dituen Bizkaiko baserririk zaharrenaren aurrean bizi naiz, atez-ate. Edo honetaz geratzen den harri eta haga erorien aurrean.
Gure familiaren azken belaunaldiko elkarren arteko gatazkek utzi zuten 1800 metro karratuko baserria arkeologia objektu bihurtzen. Baserri bat gelditzen den momentuan erortzen hasten baita. Sortez, akzioak erreproduzitzeko dokumentu batzuk kontserbatzen ditugu: Lan tresnak. Tresna hauek, lanaren nostalgiaren inguruan zabalduko digute gogoeta: Gure arbasoak baserria zutik mantentzen zuten akzioa hutsa ziren, lana. Akzio hauek ote dira gure ondarerik handiena?
Baserritarren bilobak aktoreak dira gaur egun: eszenaren bizitza, akzio eta tresna horien oihartzunaren erabilera bilatzen duten baserritar posmodernoak. Egungo gaia da baserriarekin dugun gaztaka: erabilera galtzen ari den ondarearekin zer egin?
Abenduak 19: Nire zigilua. Homofobiaren (beste) istorio bat
Alain Lersundi
Zuei ere gauetan pentsamenduek bisita egiten al dizuete? Nortzuk dira pentsamendu hauek? Gaua luzea izaten da burua bueltaka dabilenean, eguna ere luze da jendartean lekurik aurkitzen ez duzunean. Lorik egin ezinda dagoen nerabeak, genero binarismoak eta sexu/genero dikotomiak sortzen duen botere estrukturala agerian jarriko du, gau batetako pentsamenduen bilakaeraz. "- Eta zuk? Zer egiten duzu?" "-Yo no lo entiendo pero lo respeto".
Abenduak 26: Satiro
Xanti Agirrezabala Zeberio
Nik ditut zure desirak, zure nahiak, zure fantasiak, zure erotika. Ni, zu naiz. Dena da haragia, gorputza. Gorputzaren bila zabiltza etengabean. Gorputza baduzu, baina ahaztu egiten duzu, larrosaren usainak larrosa ahazten duen bezala, aurkitu nahian dabilen gorputz batek gorputza aurkitzen duen arte.
Elizak dio: gorputza erruduna da
Zientziak dio: gorputza makina bat da
Iragarkiak dio: gorputza negozioa da
Gorputzak dio: ni FESTA bat naiz.
(Eduardo Galeano)
%25eko deskontua langabetu eta ikasleentzat
Zikloaz gozatzeko sarrerak salgai daude dagoeneko Faktoria.eus atarian. Tiket solteak edo bonoak erosteko aukera egongo da, eta %25eko deskontua izango dute ikasle eta langabetuek.
4 SAIOETARAKO BONOA:
- Ikasle eta langabetuak: 25 €
- Faktoriako Bazkideak: 36 €
- Ez Bazkideak: 40 €
BANAKAKO SARRERAK:
- Ikasle eta langabetuak: 7,5 €
- Faktoriako Bazkideak: 10 €
- Ez Bazkideak: 12 €