Azken asteko datuak EAEn, COVID-19 birusari dagokienez, ez dira bereziki baikorrak izan. Izan ere, 1.424 lagun berri kutsatu dira, 10 herritar zendu dira, zaintza intentsiboko unitatean 24 pertsona daude eta ospitaletan guztira, 90. Halaber, intzidentzia metatuaren tasa gora joan da azken 14 egunetan, 100.000 biztanleko 109,24 kutsatura heldu arte.
Edonola ere, egoerak ez du islarik izan Aiaraldean, non kutsatu kasuak nahiko apalak izan diren. Duela bi aste 20 lagunek eman bazuten positibo, azaroaren 1etik 7ra bitartean 4 gaixo berri baino ez ditu atzeman osasun sistema publikoak, argitaratutako azken txostenaren arabera.
Horrez gain, intzidentzia metatuaren tasak behera egin du hutsean ez zeuden herri guztietan, salbu Okondon, udalerri horretan 164,34an mantendu baita. Hau da, Amurriok, Artziniegak, Laudiok, Orozkok eta Urduñak euren kopuruak hobetu dituzte.