Musikaz, bertsoz eta adin guztientzako ekintzez jositako egitaraua aurkeztu dute Aiaraldeko Euskararen Egunerako

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 21a, 10:00

Aurkezpen ekitaldiaren irudia./ Aiaraldea.eus

Euskararen erabilera sustatzeko jai handia prestatu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Luiaondon abenduaren 4an. Umeentzako jarduerak, kontzertuak, herri bazkaria, bertsolariak... egongo dira. Sustrai Colina, Patxi eta Konpainia, edota Mikel Martinez arituko dira, besteak beste.

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak abenduaren 4an gauzatuko duen ospakizunaren egitarauaren aurkezpena egin zuen atzo. Kontseiluko kideek ez ezik, herritarrek eta ordezkari politikoek hartu zuten parte agerraldian, eta 12 orduko programa zabaldu zuten.

Izan ere, Christian Alemanyk aipatu moduan, goizeko 11:00etatik gaueko 23:00ak bitartean egongo dira ekintzak Luiaondon. Hala ere, jaialdia lehenago hasiko da: 09:00etan Urduñatik abiatuko dira mendi zein errepide txirrindulariak. Laudion, aldiz, 09:30ean izango da hitzordua.

Hala,  11:00etan batuko da jendea Luiaondon, eta berehala kalejira bi hasiko dira. Batek Otazun izango du irteera eta besteak tren geltokian. Jarraian umeen eta gazteen eskaintzak hartuko dute garrantzia Malatun, non Kokoriko eta Kirikiño elkarteen karpak egongo diren jolasekin. Kirolak ere tartea izango du: 3x3 saskibaloi eta futbito txapelketa antolatuko dituzte.

Aiaraldea Komunikabideak, berriz, zuzeneko emisioa egingo du; eta Aiaraldeko euskara sortzaileen azoka ere prestatuko dute herrigunean.

12:00etan eta 13:30ean Mikel Martinez antzezlearen Tabernaria bakarrizketa ikusteko aukera egongo da Otueta Gizarte Etxean. Patxo Telleria da lanaren zuzendaria eta Araban gutxitan egon da ikusgai.

13:00etan, berriz, ekitaldi nagusiaren txanda helduko da. 2016ko Euskararen Egunaren remixa zabaldu dute horretarako, eta eskualdeko hainbat ikasleren parte hartzea espero da, dantza lantzen ari baitira ikastetxeetan.

Horren ostean, herri bazkariaren txanda helduko da. Jarraian hasiko dira kontzertuak:

      • 15:00etan Kateak Ate taldeak emanaldi akustikoa proposatuko du.
      • 16:00etan Patxi eta Konpainia Iparraldetik etorriko dira euren ohiko dantza plazarekin.
      • 18:15ean Mugan pop-rock taldearen unea izango da.
      • 19:30ean XSakara musikariak euskal traparen doinuak zabalduko ditu.

    • 20:45ean Izate Faltsuak tokiko metal taldeak hartuko du oholtza.

    • 22:00etan Nikotinak reggae, rap eta dance hall generoak uztartuko ditu amaitzeko.

Bertso poteoa

Horrez gain, 18:15ean Sustrai Colina, Izar Mendiguren Cosgaya eta Julen Zelaieta bertsolariek Luiaondoko tabernetan inprobisasio emanaldiak eskainiko dituzte.

Azpimarratu dutenez, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak lanketa egin du Luiaondoko tabernari eta merkatariekin zerbitzua euskaraz errazteko. Izan ere, aurtengo jaiaren leloa  "Mintzatu, kontsumitu, inplikatu, Euskaraktibatu Aiaraldea" da.

Aipatzeko da ere deitutako bideo lehiaketaren emaitza abenduaren 4an jakinaraziko dutela.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide