SOS AIARALDEA

"Urrats kolektibo" berria egin dute, "Aiaraldea defendatzen jarraitzeko"

Txabi Alvarado Bañares 2021ko aza. 21a, 22:09

Eskualdeko ehunka herritar bertaratu dira Urduñako industriagunean eginiko ekitaldira. Somolsa fabrika zenaren barruan egin dute aurkezpen ekimena. 

Ekitaldi jendetsua egin dute gaur eguerdian Urduñan, "SOS Aiaraldea" lemapean. Ehunka herritar bildu dira Foru plazan, herri eta sektore ezberdinetakoak: eskualdeko lantegietako beharginak, zaintza sektoreko langileak, pentsiodunak, mugimendu feministako kideak, ikasleak, ikastetxe publikoetako familiak... Elkarrekin abiatu dira jarraian, hiriko industriaguneraino. 

Langile ohien hitzartzea

Somolsa lantegia zenaren barruan sartu dira, eta bertan egin dute ekitaldia. Aspaldi dago abandonatuta fabrika hori, eta bertako zein industriaguneko beste lantegietako behargin ohiak izan dira lehenak hitza hartzen. 

Lantegiaren itxieraren garai latzak eta horren aurka eginiko borrokak ekarri dituzte gogora. "Ez dezagun pentsatu hau ezin denik berriro gertatu. Eskualdeko langile guztion erantzukizuna da hau berriro ez gertatzea". 

Gauzak hala, indarrak batzen jarraitzeko deia luzatu dute: "Jarrai dezagun indarrak batzen, gure atzetik datozenek euren bizi proiektua Aiaraldean garatzeko aukera izan dezaten. Posible da, egingo dugu. Ez ahaztu klase gorenekoak garela, langile klasekoak, alegia". 

Emergentziazko puntuak

Tubacexeko langile bat eta jantoki bateko behargin bat igo dira jarraian oholtzara. Eurak arduratu dira “SOS Aiaraldea” lemapean osatutako "emergentziazko puntuak" aurkezteaz. Azaldu dutenez, eskualdeko hainbat sektore eta eragileren artean osatu dituzte puntuak, hilabeteetako lanaren ostean.

Hauek dira aipàtu dituzten puntuak:

  1. Inbertsioak lehen sektorean eta 0 kilometroko produkzioaren aldeko apustua, sektorearen prekarietatearekin amaitzeko urratsak emanez. Laudioko hiltegia berriz irekitzea ere exijitzen dugu.
  2. Beharrezkoa da galdutako enplegua berreskuratzeko eta eskualdea berrindustrializatzeko plan bat garatzea. Era berean, eskualdean bizi diren pertsonen kontratazioa sustatu behar da, batez ere, emakumeena. Ez dugu onartuko inolako enplegu-suntsiketarik.
  3. Berehalako inbertsio-plana krisiak gogorren jo dituen sektoreentzat (ostalaritza, merkataritza, kultura, etab.).
  4. Pentsio publiko eta duinak. Ez dugu inolako murrizketarik edo pribatizaziorik onartuko. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa exijitzen dugu.
  5. Neurri zehatzak eta benetako konpromisoak sektore feminizatuenetako langileen muturreko prekarietatearekin amaitzeko.
  6. Zerbitzu publikoetako langile zein erabiltzaileen baldintzak duintzea, azpikontratazioarekin amaituz, eta inbertsio errealak zein neurri zehatzak ezarriz hezkuntzan, zaintzan, osasunean eta abar.
  7. Aiaralderako gazte enplegu plana garatzea (gaur egun gazteen langabezia % 40 ingurukoa da).
  8. Etxebizitza duina izateko eskubide unibertsala bermatzea. Alokairu pribatua arautzea eta alokairu soziala handitzea. 

Interpelazio zuzena instituzioei

Kritika zorrotza eta interpelazio zuzena egin diete instituzio publikoei: "Ez gara zuen zain geratuko, zuek guretzat onena zer den noiz erabakiko zain. Jakin ezazue eskualde honek ez duela beldurrik, eta aspaldi dabilela uhalik gabe mugitzen. Uhalik gabe, baina taldean. Izan ere, instituzioen arabera gauza askok banatzen gaituzten arren, askoz gauza gehiago dira lotzen gaituztenak".

Gauza bat eskatu diete bertaratutakoei: orain arte Aiaraldean nagusitu den elkartasun eta batasunean sakontzea, uste baitute antolakuntza dela bidea egindako proposamenak "konpromiso erreal" bilakatzeko. "Uste dute kaleratu ahal gaituztela? Valvospainen egin zuten bezala? Gure isiltasuna erosi nahi dute? Tubacexen saiatu ziren bezala? Abandonatu nahi gaituzte Lipmesa, Gama edo Somolsan egin zuten bezala? Ez digute amesten utzi nahi? Ba lasai: esna gaude, eta ez diegu lo egiten utziko".

Aurrera begirako pausoak

Maiatzean aurkeztu zen SOS Aiaraldea dinamika, Amurrio Antzokian: 

Ekainaren 2an, aldiz, mobilizazio eguna egin zuten eskualdean. Milaka lagun batu ziren egun horretako lanuzte eta manifestazioetara: 

Ordutik hona beste hainbat ekimenetan ikusi ahal izan da “SOS Aiaraldea” leloa (Tubacexeko greba mugagabean edota Laudioko Udal Hiltegia berriz irekitzearen alde eginiko ekimenetan, besteak beste). Hala ere, gaurko agerraldian nabarmendu dute “Tubacexekin ez dela ezer amaitzen”, eskualde osoak jarraitzen duelako “alarma gorrian”. 

Gauzak hala, borrokan jarraitzeko tresna gisa plazaratu dituzte “emergentziazko puntuak”. Aurreratu dutenez, datozen asteetan hainbat bilera ireki egingo dituzte, hurrengo pausoak zehazteko. Zita horietara bertaratzeko deia luzatu diete herritar guztiei. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide