DINAGU KOLEKTIBOA

"Euskaraz eta feminismotik sortzen duten emakumeekin sare eta ibilbide bat osatzea da Dinaguren helburu nagusia"

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko aza. 27a, 07:51
Leire Aiertzaguenaga Bravo, Dinaguko kidea. / @ehule

LEIRE AIERTZAGUENAGA BRAVO (Iurreta, 1994) Dinagu kolektiboko kidea da. Faktorian izan zen iragan larunbatean eragilea aurkezten. 

Oraintsu sortutako eragilea da Dinagu. Nolatan jaio zen?

Dinagu Euskal Herriko emakume sortzaileen kolektiboa izan nahi duen elkartea da. Helburua emakume sortzaileak ahalduntzea da, euren lanak ikustaraztea eta, nolabait, ahizpatasun horretan sortzaileak saretzea. Euskaraz eta feminismotik sortzen duten emakumeekin sare eta ibilbide bat osatzea da gure helburu nagusia. 

Noiz hasi zenuten bidea?

Dinagu 2018an sortu zen. Askotan sortzailearen ibilbidea oso indibiduala da (pertsona eta norbere proiektua), eta pausoak emateko zailtasunak egoten dira zenbait arlotan. Orduan, 4 sortzaile elkartu, eta bidea bakarrik egin baino, elkartu eta saretzea erabaki zuten, normalean indibiduala den postua komunean jarrita. Funtzionatzen zuela ikusita, pop-up-ak sortu zituzten (jarri eta kentzen diren dendak), pandemia etorri zen arte.

Pandemiak frenoa eragin zuen hasierako Dinaguren ibilbide hartan, baina beste sortzaile batzuk elkartze horrek emakume ikuspegitik indarra ematen zigula hasi ginen ohartzen, eta eurekin elkartu ginen. Iazko gabonetan egin genuen gure lehen ekimena, sare sozialetan #NikBertakoaErostenDut eta #NikBertakoaOparitzenDut traolak erabilita. Modu horretan ikustarazten hasi ginen gure sare sozialetan Euskal Herriko emakume sortzaileen lanak erakusten. Gerora, elkartearen eta sortzaileen beharrak definitu genituen.

"Helburua emakume sortzaileak ahalduntzea da, euren lanak ikustaraztea, eta nolabait ahizpatasun horretan sortzaileak saretzea"

"Nomadak gaittun" ekimena osatu duzue horrela.

Bai. "Nomadak gaittun" Euskal Herriko emakumeen azoka ibiltaria da, izenak dioen moduan. Euskal Herriko probintzietan azokak sortzea da helburua, eta emakumeak hainbat puntutan elkartzea,  sortzaileen lanak hemendik hara eta handik hona eramanez.

Sorkuntza lana  "nahiko indibiduala" dela aipatu duzu. Dinagu kolektibizatzeko sare gisa ulertuta, zenbat kide daude proiektuaren atzean?

Momentuz Dinaguk 6 sortzailez osatutako talde motorea du, eta gu gara elkartearen parte, oraindik lan asko egiteke badugu ere. "Nomadak gaittun" ekimenaren baitan emakume sortzaile asko etorri dira "Dinagutarrak" ez direnak, baina proiektura hurbiltzeko gogo edo nahia dutenak. Dinamikarekin 20 emakume sortzaile elkartu ginen Gernikan eta Azpeitian. Beraz, geroz eta gehiago izango garelakoan gaude.

"Euskal Herriko klima medio, azoka batzuk ez dira duinak sortzaileentzat. Azoka hurbil eta goxoak sortzeko espazioak falta dira Euskal Herrian, Faktoria bezalakoak"

Zein balio sustatu nahi dituzue?

Ahizpatasuna gehienbat. Emakumeoi gizarteak lehiarako baloreak ezaugarritu dizkigu,  gure buruak gutxietsi eta ondokoa gehiago dela pentsarazita. Guk  konpetentzia ideia horrekin apurtu nahi dugu, ez dugu uste hori denik emakume gisa sentitu behar duguna. Horregatik da ahizpatasuna gure balore handienetako bat; eta, noski, bertakoa kontsumitzearen aldeko apustua.

Modan, ilustrazioan, bitxigintzan, jantzigintzan... arlo askotan dago Euskal Herrian konpetentzia handi horien kontra egingo duen bertoko alternatiba, eta hori ikustarazi nahi diogu jendeari. Bestalde, euskaratik sortzen dugu, eta txikia indartzea da gure asmoa, hizkuntzarekin ere. Jasangarritasunean sinestea eta halako proiektuak batzea da gure asmoa.

Espazio edo plazak falta dira emakumeen sorkuntzak sozializatu eta dagokien aitortza egiteko?

Ikusten duguna da, askotan, azoka ikuspegitik, sortzaile gisa goazen azoketako asko ez direla duinak: Euskal Herriko klima medio, azoka asko ez dira duinak, kale gorrian egiten dira... Espazio goxoak eta hurbilak direnak behar ditugu, Faktoria bezalakoak. Horrelako guneak dira guretzat perfektuak. Azoka duin eta goxoak sortzeko espazioak falta dira Euskal Herrian. 

Nola ikusten duzu, Euskal Herrian eta euskaratik sorkuntzara batzen ari den emakume olatua?

Pandemiak gauza txar asko ekarri ditu, baina onak ere bai. Proiektu pila bat sortu dira, oso erakargarriak direnak. Josteko makinei hautsa kendu eta martxan jarri ditugu, nahiz eta badiren pandemiak geldiarazi dituen proiektuak ere. 

Espazio digitalak ezinbesteko bihurtu dira? Zein mezu zabalduko zenieke pantailaren bestaldean daudenei?

Lehenik eta behin gure lana baloratzeko. Jartzen ditugun prezioekin jendea batzuetan  ez da oso ados egoten. Txikitik lehiatzen dugu handiekin, eta ez ditugu baldintza berdinak. Gure prezioak duinak izateko borroka handia egin behar izaten dugu. Kontsumitzaileari esan nahiko genioke atzean dagoen lana ikusteko eta baloratzeko. Zenbat ordu daude hor atzean? Materialak zenbat balio du? Zer balorerekin ekoitzia da? Guzti hori ere hartu behar du kontuan kontsumitzaileak. Bertakoa eta jasangarria den alternatiba egonik, eta emakumeek egina bada gainera... 

Eta sortzaileei?

Ba jarraitzeko. Badakigu denok askotan zaila izaten dela, une batzuetan goian gaude, eta besteetan behean. Dena den, olatuen modukoa izaten da, baina jarraitu, indarra hartu eta zuenetik sortu eta jarraitu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide