4.220 euroko isuna ezarri diote Aiaraldeko Ernairi Tubacexeko lan heriotzak salatzeagatik

Txabi Alvarado Bañares 2021ko aza. 30a, 16:15

Elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurreran. / Ernai Aiaraldea

Diru hori jada lortu dutela nabarmendu dute gazte antolakundeko kideek, azken hilabeteetan abiatutako elkartasun dinamikari esker. 

Aiaraldeko Ernaiko kide bat epaitu dute gaur goizean Gasteizen, Tubacexen jazotako lan heriotza bat salatzeko eginiko ekintzagatik. 7.000 euroko zigor eskaerari egin behar zion aurre baina, akordio batera iritsi ostean, 4.020 eurotan geratu da zigorra. "3.500 euro eskatzen zizkiguten kalte ordain delituagatik, eta Tubacexek beste horrenbeste eskatzen zigun", azaldu diote Ernaiko kideek Aiaraldea Komunikabideari, "Tubacexi epaiketa baino lehen ordaindu diogu, eta fiskalak 750 eurora jaitsi du bere eskaera". 

Ordaindu beharreko 4.220 euro horiek  jada lortu dituztela nabarmendu dute gazteek, azken hilabeteetan hainbat dinamika jarri dituztelako abian dirua eskuratzeko. Eskerrak eman nahi izan dizkiete hilabete guzti hauetan elkartasuna adierazi dieten pertsonei: "eskualdeko enpresa batzorde eta eragileei, Tubacexeko langileei eta abar. Elkartasun guzti horri esker ordaindu ahal izan dugu isuna %100ean". 

Hala ere, orain arteko aldarri berari eutsi diote: "Ez gara gu epaituak izan behar gaurko egunean, Tubacexeko mafia baizik, ez dutelako inolako erantzunkizunik hartu jazotako bi lan heriotzen aurreran. Kontrara, eskualdeko gazteak kriminalizatzera eta milaka euroko kalte ordainak eskatzera bideratu dute denbora". 

Horren aurreran, gazte antolakundeko kideek argi utzi dute ez direla egindakoaz damutzen. Are gehiago, berriro egingo luketela ziurtatu dute. "Lan heriotzak ez dira normalizatu behar, ez direlako normalak ezta naturalak ere, langileen esplozioaren ondorio gordinena baizik".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide