Bihar epaituko dute Gasteizen Tubacexen jazotako lan heriotza bat salatzeko ekimenagatik 2019an atxilotutako gaztea. Urte horretako uztailaren 3an 25 urteko gazte batek bizia galdu zuen Laudioko lantegian. Gau hartan, lan heriotza deitoratzeko ekintza egin zuen Ernai gazte antolakundeak, lantegiko fatxada margo gorriarekin zikinduz.
Ertzaintzak gazte bat atxilotu zuen ekimen horrengatik, eta Tubacex enpresak jarritako salaketa bat medio, gazte horren aurkako prozedura judiziala abiatu zuten 2019ko irailean. Fiskaltzak 7.000 euroko kalte-ordaina eskatzen dio gazte antolakundeko kideari, Tubacexen eragindako kalteengatik.
LAB sindikatuak oharra plazaratu du gazteei elkartasuna adierazteko.
Tubacexek 1.000 euroko kalte ordaina exijitu zuen, Amurrioko lantegiko sarrera margoarekin zikintzeagatik. Justiziak, ordea, atzera bota du enpresaren salaketa
Bost gazte absolbituak
Ernai Aiaraldeak "Oraina margotuz etorkizuna eraiki" dinamika jarri zuen abian iragan ekainean elkartasun ekonomikoa bideratu, eta 2019an gertatutako bi lan heriotzengatik "inolako erantzukizunik hartu ez duen" Tubacex enpresaren papera salatzeko. Izan ere, 2019ko urrian, bigarren langile batek ere galdu zuen bizia Tubacexen, kasu horretan Amurrioko altzairutegian. Ernaiko kideek, Laudion egin bezala, lan heriotza salatzeko beste ekimen bat egin zuten Saratxoko industriagunean; lantegiko sarreran kateatuz eta gorputzak pintura gorriz margotuz.
Kateatutako bost gazteak deklaratzera deituak izan ziren ere, eta, aurreko kasuan bezala, multinazionalak salaketa jarri zien eragindako kalteengatik. Tubacexek 1.000 euroko kalte ordaina exijitu zuen, Amurrioko lantegiko sarrera margoarekin zikintzeagatik. Justiziak, ordea, atzera bota du enpresaren salaketa, eta bost gazteak absolbituak izan dira, Ernai Aiaraldeak berriki jakinarazi duenaren arabera.
Epaiketa bihar
Gauzak horrela, Laudioko kasuaren ebazpena ezagutzea falta da. 2019an atxilotutako gaztea bihar epaituko dute, 10:00etan, Arabako Justizia Jauregian. Ernai Gazte Antolakundeak elkarretaratzea deitu du 10:30ean Gasteizko epaitegiaren aurrean, epaitua izango den militanteari elkartasuna adierazteko. Gazte antolakundearen iritziz, Tubacexeko zuzendaritza izan beharko litzateke epaitua, "2019ko lan heriotzen aurrean inolako erantzukizunik hartu ez duelako".
"Berriro egingo genuke"
Epaiketaren atarian, 2019an egindako ekintza horiek berriro ere egingo lituzketela ziurtatu dute Ernaiko kideek: "berriro ere kateatu eta margotuko genituzke gorriz gure gorputzak eta berriro hartuko genuke estintore bat gauez, benetako erantzuleak jo puntuan jarri eta lan heriotza hauek salatzeko". Adierazi dute ezin direla lan-heriotzak normalizatu, "ez direlako ez normalak ezta naturalak ere, muturreko prekarizazio egoera baten eta erantzuleak dituen langileen esplotazioaren ondorio baizik".
TUBACEXEKO MAFIA EPAITU DEZATELA!
— Ernai Aiaraldea (@ErnaiAiaraldea) November 29, 2021
Bihar -azaroak 30- Ernaiko kide bat epaitua izango da* Gasteizen, 2019an lan heriotza bat salatzeko ekimen batengatik! pic.twitter.com/thQdn6fTVh
Elkartasun ekonomikoa
Bien bitartean, elkartasun ekonomikoa saretzeko abian jarritako dinamikarekin aurrera jarraitzen dute gazte antolakundeko kideek, 1.000 euroko eskaera atzera bota arren, 7.000 euroko isunaren mehatxua oraindik ere bere horretan mantentzen delako. Udan elkartasun esprai poteak jarri zituzten salgai, eta urrian musika jaialdia antolatu zuten Urduñako Herri Eskolan.