Abenduaren 3a da Euskararen Nazioarteko Eguna. Aiaraldean ere izan zuen eragina, makina bat ekitaldi antolatu baitziren tokian toki. Dena den, euskal hizkuntza 365 egunetan erabiltzeko mezua izan zen nagusi.
Okondon, eskolan ospatu zuten eguna. Amurrion, aldiz, kandelen bidez euskara argiztatzeko nahiari heldu zioten San Anton plazan. Laudion, berriz, antzerkia eta bertsoak izan ziren arratsaldeko osagai nagusi, baina gaurko egunean jarraituko du egitarauak. Hala ere, atzo goizean ere atera zuten kalera euskararen aldeko aldarria, irakurketa instituzionalarekin eta Arloteen emanaldiarekin. Urduñan, ostera, irakurtaldiaren ondotik, diskofesta eta ipuin kontaketari eman zioten bide.
Argazkiak: Ander Fernandez, Iratxe Murias, Izar Mendiguren, Ainhize Hernandez eta Amurrioko Euskara Zerbitzua