COVID ZIURTAGIRIA AIARALDEAN

“Ostalarion gain uzten ari dira gobernuak hartu beharko lukeen kontrol funtzioa”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko abe. 5a, 17:57

Atzotik derrigorrezkoa da COVID ziurtagiria izatea Aiaraldeko zenbait establezimendutan sartzeko. / Aiaraldea.eus

Atzo ezarri zen EAEn COVID ziurtagiriaren neurria. Aiaraldea komunikabideak eskualdeko hiru ostalarirekin hitz egin du arau berriak sektorean izan duen eta izan dezakeen eraginaren inguruan. 

Atzo -azaroak 4- jarri zen indarrean EAEn COVID ziurtagiriaren neurria. Hemendik aurrera, herritarrek dokumentu hori aurkeztu beharko dute 50 mahakide baino gehiago dituzten jatetxeetan eta zenbait tabernetan (III eta IV. taldetan sailkatuak daudenak; hau da, pub eta dantza aretoak) sartu ahal izateko. 

Aiaraldean eragin erlatiboa izan du neurriak, eskualdeko ostalaritza establezimendu gehienek ez dituztelako aipatutako ezaugarriak betetzen. “Gutxiengoa gara, baina bagara”, azaldu du Edu Villanuevak, “Artziniegan eta Aiaran bakan batzuk baino ez ditugu baldintza horiek betetzen. Laudion egongo da eragin handiena, pub eta abarrei dagokionez”. Laudion 6 dira mota horretako lizentzia duten tabernak, Ibon Diazen arabera. “III. taldeko 4 lizentzia daude eta IV. taldeko 2, gaizki oroitzen ez badut”, azaldu du El Lio tabernako jabeak. 

Aiaraldean eragin erlatiboa izan du neurriak, eskualdeko ostalaritza establezimendu gehienek ez dituztelako aipatutako ezaugarriak betetzen.

Poliziaren lanak egiten

Villanueva haserre agertu da Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriarekin. “Sektorerik kolpatuena izan gara pandemian, eta orain nahi dute guk gure gain hartzea gobernuak izan beharko lukeen funtzioa”, salatu du Artziniegako La Encina jatetxeko jabeak, “ez da soilik ziurtagiria eskatzea, NANa ere eskatu behar dugu, dokumentua benetakoa den probatzeko. Jende askok ordubete eskas du bazkaltzeko. Langile talde bat badator eta bakar bat txertatu gabe badago zer egin behar dugu? Sarrera ukatu? Oso bortitza da”. 

Edu Villanueva: “Langile talde bat badator bazkaltzera eta bakar bat txertatu gabe badago zer egin behar dugu? Sarrera ukatu? Oso bortitza da”

Antzeko iritzia plazaratu du Ibon Diazek. El Lioko kideak argi utzi du ez dagoela neurriaren aurka, baina nabarmendu du ez zaiola oso bidezkoa iruditzen: “Jendea txoko, sozietate eta etxe pribatuetan biltzen jarraituko du musukorik eta inolako kontrolik gabe, are gehiago garai hauetan. Baina norbaitek ordaindu behar zuen kutsatzeen igoeraren prezioa, eta errazena da gaueko aisialdiaren sektorearen aurka joatea soilik, aurretik kaltetua zegoena”. 

Abiaga jatetxeko Aitor Urreta, aldiz, neurriaren alde azaldu da, ostalaritza berriz ez ixteko modu bat izan daitekeelako. Hala ere, neurriaren ezarpena harrapaladan egin izana kritikatu du: “Izan dute denbora guzti hau pentsatzeko, eta azkenean asko pentsatu gabe ezarri dute neurria, pandemia osoan bezala”.

Aitor Urreta: “Niri inork ez dit esan zer nolako tresnak erabili ziurtagiri horiek balioztatzeko. Interneten begiratu dut eta Suitzako apikazio bat deskargatu dut nire kasa, horrekin.ari gara lanean”

Informazio falta

Gainera, ostalariek salatu dute ez dutela inolako informazio edo argibiderik jaso Eusko Jaurlaritzaren partetik. Hala dio Urretak: “Niri inork ez dit esan zer nolako tresnak erabili ziurtagiri horiek balioztatzeko. Interneten begiratu dut eta Suitzako apikazio bat deskargatu dut nire kasa, horrekin.ari gara lanean”.

Atzo bertan izan zuten lehen talka bezero batekin: “Bi gizon etorri ziren. Erreserba egina zeukaten. Ziurtagiria eskatu nien eta horietako batek ez zuela esan zidan. Eztabaida izan genuen eta jatetxetik joan ziren azkenean. Jarraian, gizonak kritika bat jarri zidan Interneten, esanez ez diegula sartzen utzi erreserba egina zeukaten arren. Ez da egia, ez genion sartzen utzi txertatuta ez zegoelako”. 

Ibon Diaz: “Eskatuko digu persona bat gehiago izatea atean arau hori bete dadin, eta kalean jendea pilatuko da, Gabon eta Gabonzahar gauetan batez ere”

Giza baliabide gehiagoren beharra

“Egun batetik besterako kontua izan da”, gehitu du Ibon Diazek. “Eusko Jaurlaritzak ez digu inolako tresnarik eman, ezta giza baliabide gehiago kontratatzeko laguntzarik ere”. 
Hori da neurriaren balizko arrakastaren gakoa, El Lioko jabearen ustez: COVID ziurtagiria eskatzen egongo diren langileak izatea. “Disko taberna batzuek aukera izango dute norbait kontratatzeko, eta beste batzuk ahal duten bezala moldatu beharko dira dituzten langileekin. Guri eskatuko digu persona bat gehiago izatea atean arau hori bete dadin, eta kalean jendea pilatuko da, Gabon eta Gabonzahar gauetan batez ere”. 

Neurriaren eraginkortasuna ezbaian

Ostalariek ez dute oso argi neurriak eraginik izango ote duen. Iritzi ezberdinak daude. Edu Villanuevak, adibidez, oso argi du ezetz. “Honekin lortuko duten bakarra da txertatu gabeko jendea gure lokaletara sartzeari uztea eta beste lokal txikiago batzuetan pilatzea”. 

Ibon Diazek, aldiz, uste du araua eraginkorra izan daitekeela txertoa hartu gabe geratzen den jendea horretara bultzatzeko, “baina ez positibo kopurua jaisteko”. Modu batean edo bestean, hori egitearen prezioa “betikoek” ordainduko dutela salatu du ostalari laudioarrak. “Denborak soilik esango du neurri hau, ostalaritzan soilik aplikatuta, zerbaitetarako balioko duen”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide