Osakidetzak gaur argitaratutako txosten epidemiologikoa aintzat hartuta, Aiaraldean eta Euskal Autonomia Erkidegoan, oro har, kontrolik gabe zabaltzen ari da COVID-19 birusa. Izan ere, azken lau egunetan 134 kasu berri detektatu ditu osasun sistema publikoak eta Arakaldo ezik, herri guztiak daude eremu gorrian.
Zehazki, ostegunetik igandera bitartean hurrengoak izan dira atzemandako positibo kopuruak:
- Amurrio: 31
- Artziniega: 20
- Aiara: 1
- Laudio: 53
- Okondo: 9
- Arrankudiaga-Zollo: 6
- Orozko: 4
- Urduña: 10
Gauzak horrela, ia udalerri guztietan egin dute okerrera kopuruek. Aurreko txostenarekin alderatuta -ostegunean plazaratutakoa- Artziniegak lau aldiz biderkatu ditu bere positiboak, Laudio ere ia marka horretara heldu da eta Okondok eta Arrankudiaga-Zollok ere bikoiztu dituzte. Amurrion eta Orozkon ere gainditu dituzte aurreko datuak. Urduña 10 positibo berritan mantendu da eta Aiarak kasu berriak murriztu ditu.
Horren ondorioz, intzidentzia metatuaren tasek gora egin dute, Arakaldo kenduta. Zenbait tokitan gorakada ikusgarria da. Artziniegak ia hirukoiztu du bere tasa, eta Arrankudiaga-Zollok eta Orozkok ia bikoiztu dute. Beste udalerrietan igoera mantentzen da.
EAEn egoera ez da oso ezberdina, jadanik ospitaletan 338 gaixo daude eta horietako 91 zaintza intentsiboko unitateetan.