Osakidetzak arratsaldean argitaratu du COVID-19 birusari buruzko azken hiru egunetako txosten epidemiologikoa eta aurreko asteetako joera jarraiki, ondorioztatu daiteke Aiaraldea inoizko egoera okerrenean dagoela pandemiari dagokionez. Azken hiru egunetan 139 positibo berri atzeman ditu osasun sistema publikoak:
- Amurrio: 30
- Artziniega: 10
- Aiara: 15
- Laudio: 56
- Okondo: 7
- Arrankudiaga-Zollo: 4
- Orozko: 6
- Urduña: 11
Edonola ere, datu adierazgarrienak intzidentzia metatuaren tasak dira. Ia herri gehienetan lau digitutan daude kopuru horiek eta toki guztietan, salbu Arakaldon, igo dira azken egunetan. Kasu batzuetan gorantza egiten jarraitu du modu uniformean, baina Aiaran, esaterako hirukoiztu da denbora tarte horretan. Grafikoek hori erakusten dute argi eta garbi.
Datuak, hortaz, historikoak dira zentzu okerrenean eta bi lagin baliatu daiteke hori erakusteko. Esaterako, 2020ko martxoaren 20an, itxialdiaren erdian, 50 kasu positibo baino ez zeuden Aiaraldea osoan. Azken hiru egunetan soilik, Laudiok kasu berri gehiago pilatu ditu.
Beste erreferentzia bat hartzeko, duela urtebete, uholde berria pil-pilean zegoelarik, Amurrioko tasa 297,53 zen, Artziniega, Okondo eta Arakaldokoa 0, Aiarakoa 379,18, Laudiokoa 87,22, Arrankudiaga-Zollokoa 490,68, Orozkokoa 76,54 eta Urduñakoa 93,59. Hau da, urtebeteko aldearekin, Orozkok ia 10 aldiz biderkatu du bere tasa, Arrankudiaga-Zollok hirukoiztu, eta antzeko egoeran daude udalerri gehienak.
EAEn joera ez da ezberdina: azken astean 19.684 kutsatu berri egon dira.