Mari Domingi maitea, ausarta eta askea:
Pentsatzen dut azken egunak atsedena hartzen emango zenituela, Aiaraldeko eta Euskal Herriko etxe guztiak bisitatzen aritu ondoren. Badakit urte osoa igaro duzula mendian animali, landare eta inguruak zaintzen. Nola litzateke posible, bestela, horren herri ederrak izatea?
Bilboko kaleetan publizitate kanpaina egin dute zure istorioa ezagutarazteko. Postalez bete dute herria, ume eta familiek zuri eskutitzak idazteko. Gazteleraz dago www.maridomingimaitea.eus atariaren orri nagusia. Lotsagarria. Batzuk ez dira ohartu, antza, euskaraz bizi garen herria garela. Atari horretan, historia eta istorioa ez ezik, identitatea eta hizkuntza ukatzen dituzte, eta errelatoari errealitatea kendu. Mari Domingi euskaraz da, edo ez da izango.
Ea behingoagatik argi geratzen den: Mari Domingi, ez da marido ez mingi... Ez da Olentzeroren emaztea, ez da inoren menpekoa, emakume* ausarta da, langilea, magikoa eta askea. Sirope agentziak -Bilboko publizitate kanpaina kudeatu duen enpresak- hala aurkeztu du ekimena webgunean: "Mari Domingi maitea, jende guztiak uste du Olentzeroren emaztea zarela, edo laguntzailea, eta pena ematen digu. Oso-oso figura garrantzitsua zara, Gabonetako Opari Banatzaile Ofizial bakarra; eta toki esanguratsu eta ikusgarri bat izatea gustatuko litzaiguke. Horregatik, oparia egitea pentsatu dugu: nor zaren eta zer egiten duzun kontatzen lagundu nahi zaitugu".
Barkatu?
Bilbotar eta euskal herritar maiteak... Mari Domingi ez da inoren ez ezeren figura; eta bere lana ez da opariak banatzea. Mari Domingi pertsona ausarta, langilea eta librea da. Ez da Olentzeroren bikotea, neskamea, ez eta opari banatzailea. Bizikletak konpontzen ditu, idiak eta ardiak zaindu, baratza eta baserria jagon, traktoreak gidatu, lagunekin elkartu eta dantzatu, ikasi, jolastu... Ameslaria da, eta pertsonen ametsak betetzen laguntzera dator. Abenduaren 24aren bueltan, Euskal Herrian euskara eta euskal kulturarekin batera balioak sustatzeko jaitsi zen herrira.
Zergatik? Euskaraz bizi, amestu eta oparitu nahi dugulako geroa; auzolana eta elkarlana beti izan direlako Euskal Herriaren parte; umeen iruditegian gizonezkoen erreferentzia eta miresmena indartzen direlako etengabe -baldin eta Olentzero horrela irakurria bada- eta abar luze bat. Pentsa, zenbat denbora eta garrantzi hartu dute Olentzerok eta Mari Domingik umeen egunerokotasunean edota eskolan, neguko oporrak hartu aurreko azken asteetan?
Tentu, baina. Helduok ere badugu zeresana. Zenbat aldiz galdetu diozu ondokoari ea Olentzerok zer ekarri dion? Non eta nola kokatu duzu zure iruditegian eta elkarrizketetan Mari Domingi? Zein balio transmititzen dizkiegu belaunaldi berriei Olentzero eta Mari Domingirekin batera?
Beste kontu askorekin bezala, beharrezkoa da eztabaida eta eraldaketa honetan ere. Batetik, eskoletatik hasita herrietako kalejiretaino, Mari Domingiren pertsonaia ezaugarritzen duten balore eta istorioak unibertsalizatzeko. Eta, bestetik, neguko solstizioarekin batera, eguberrien esanahi eta balioei erreparatzeko. Bada garaia sukaldean edalontzi baten ordez bi uzteko. Edo zazpi. Mari Domingi, feminista eta euskalduna izango da, edo ez da izango.