Iragan abenduaren 23an izan zen Aretako Gure Orkestraren lehen emanaldia, frontoian. Barakaldoko Arteta musika eskolako kideek eta Santutxuko Isabella Naranajo gazteak ere parte hartu zuten kontzertuan.
Ikasturte hasieran sortu zen Aretan haur eta gazteen orkestra bat sortzearen ideia, Aretako Kultur Etxean. 'Musika guztiontzat' dinamika jarri zuten martxan bertan, Venezuelako Haur eta Gazte Orkestra Sistema Nazionalean oinarrituta.
Sistema horren funtsa honakoa da: haur eta gazte guztiei musika ikasteko aukera ematea, dituzten baliabide ekonomikoei erreparatu gabe. Modu horretan, kultura eta egoera sozioekomiko ezberdinetako haurren arteko harremana estutzea dute helburu. "Proiektuaren berri izan genuenean, Aretara ekartzeko lanean hasi ginen eta ez zitzaigun bat ere zaila suertatu beste guraso batzuk batzea", azaldu zuten Aretako Guraso Elkarteko kideek emanaldia hasi baino lehen eginiko hitzartzean.
Juli Goitia eta Pili Gumuziori aitortza
Hala ere, frontoian gogorazi zutenez, Aretak musikarekin duen erlazioa ez da berria. "Aspalditik izan ditugu trikitilariak, txistulariak, pandero-joleak eta bestelako musikariak gure kaleak alaitzen egutegiko data esanguratsuetan". Aretan egon diren musika irakasle "zoragarriak" ere ekarri zituzten gogora: "Guztien artean, batez ere bi gogoratzen ditugu: Juli Goitia eta Pili Gumuzio. Bi emakume horiek beraien etxeetako ateak herriari zabaldu zizkioten eta gutariko askok beraien klaseetara joateko aukera paregabea izan genuen".
Azaldu zutenez, Goitia eta Gumuziok klaseak emateko modu eta izaera propioa zuten, baina biek zuten musikarekiko "pasio eta maitasun" bera. "Juli beti irrabarretsu eta maitakor, herriko ekitaldi guztietan laguntzeko prest zegoen. Gutariko batzuk, nahiz eta klaseetara ez joan, oraindik oroitzen ditugu bere pianoaren notak leihotik ateratzen eta ondoko parkera iristen, jolasten genuen bitartean. Pribilegioa zen".
Herriko haur eta gazteek aukera dute oraindik orkestrara batzeko
Antzeko hitzak baliatu zituzten Piliren jarduna deskribatzeko: "Musikarekiko grina berbera zuen eta langile nakaezina zen. Ikasle batzuen esanetan, irakasle zorrotza zen. Berak dena ematen zuen eta inplikazio berdina eskatzen zien ikasleei". Hala ere, guraso elkarteko kideen esanetan, Aretako musika irakasle hori "ama" bat bezalakoa zen guztientzat, "ikasle batzuen esanetan, bere etxean hazi ginen".
Gauzak hala, guraso elkarteko kideek aitortu zuten "aspaldian eraindako hazi horrek" ahalbidetu duela oraingo proiektua loratzea. Era berean, proiektuak "zabalik" jarraitzen duela nabarmendu zuten. "Nahi duen haur edo gazte oro batu daiteke, auzokoa edo herrikoa. Ekarri behar duen gauza bakarra, ikasteko eta gozatzeko gogoa da".
Ekimena laguntzeko deia
Bukatzeko, orkestrari laguntzeko deia luzatu zuten gurasoek. Alde batetik, instrumentuak dohaintzan emateko gonbita luzatu zieten herritarrei. Nabarmendu zutenez, egoera txarrean dauden instrumentuak ere onartuko dituzte, proiektuaren barruan luthierrak daudelako, beharrezko konponketa lanak egiteko prest.
Bestetik, "instituzio, enpresa eta partikularren inplikazioa" eskatu zuten. "Komunitate osoaren elkarlana ezinbestekoa da proiektua hazten jarraitzeko eta ahalik eta haur eta gazte gehien hartu ahal izateko".
Argazkiak: Aretako Guraso Elkartea