Naturayala elkarteak bere blogean jakinarazi du igaraba (lutralutra) bat grabatu duela Aiaraldean. Espeziea desgertutzat jo zen 1980ko hamarkadan eskualdean, baina azken urteotan Naturayalak berak ikertu ditu bere agerpenak. Azkena urtarrilaren 2an izan da eta animalia kamara bidez grabatzea lortu dute. Hain zuzen, webgunean igo dute bideo laburra.
Aurkikuntza ez da kasualitatea izan, lan luzearen ondorioa baizik. Berez, elkarteko kide bat (Mario Corral) lanean ari da Lutreola Life proiektuan, Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Ekimenaren helburua da bisoi europarra babestea eta horretarako bisoi amerikarra ibaietatik kentzeko saiakera egiten ari dira. Horretan ari zela, Corralek igarabaren aztarnak topatu zituen eta Naturayalako beste kide batek kamara kokatu zuen.
Dena den, igarabaren presentzia berretsi zuten Naturayalako kideek 2014an. Urte horretan, Laudioko herritar batek aipatu zien espezie horretako ale bat ikusi zuela Laudion eta horri esker igarabaren gorotza aurkitu zuten ibaian. Horrez gain, 2019an Arakaldon igaraba bikote bat identifikatu zuten eta, tamalez, 2020an animali bat hilik agertu zen Baranbion, ibilgailu batek harrapatuta.
Aurkikuntza ospatu ez ezik, Naturayalak salatu du ere Nerbioi ibaiaren egoera ekologikoa tamalgarria dela, grabaketaren tokian bistakoa baita jatorri eta mota anitzeko zaborra dagoela.