Érase una vez en Euskadi
Érase una vez en Euskadi filmaren grabaketan parte hartu zuen Leire Oruetak. Urriaren amaieran iritsi zen zine-aretoetara 1980ko hamarkadako Euskal Herrian girotutako filma. Pelikularen arte departamentuan egon zen gazte laudioarra. Bere lehengo esperientzia izan zen lan horretan, baina ez bakarra. Modelo 77 filmean ere lan egin du, eta Bird Box filmaren spin-off-aren ekoizpenean murgilduta dago orain.
Armugan
2019. urtean grabatu zuten Iñigo Martinez protagonista duen Armugan filma, baina aurten estreinatu da, eta hainbat sari jaso ditu zinema jaialdietan. Ezohiko pertsonaia hezur-haragitzen du Martinezek ikus-entzunezkoan: herritarrei heriotzara arteko prozesuan laguntzen dien pertsona batena.Une honetan, Filmin plataforman ikusi daiteke pelikula, eta Orozko zein Laudion proiektatuko dute datozen egunetan.
Asko falta da?
Asko falta da? film laburra grabatu du aurten Ane Cuesta Morgek. Ikus-entzunezko ikasketak bukatzen ari da gazte zolloarra, eta bere klasekide batzuekin osatu du proiektua. Zenbait aktore ospetsu agertzen dira pelikulan. Bortxaketa baten istorioa kontatzen du, bizipen erreal batzuetatik abiatuta. Azkar grabatu zuten ikus-entzunezkoa, klaseko lan bat zelako, baina diru bilketa abiatu zuten gero, emaitza hobetzea helburu.
Daniel|a|
Mikel Ayllon idazle laudioarra dago Gazteak plazaratutako Daniel|a| proiektu transmediaren atzean. 6 atalez osatutako websail bat da egitasmoaren funtsa, eta podcast bat eta webgune bat ditu osagarri. Aiaraldea Ekintzen Faktorian grabatu zen azken atalean agertzen den kontzertua. Ayllonek iaz argitaratutako Zoriontsuak izatea aukeratu genuen ipuin-liburuko azken kontakizuna du abiapuntu ikus-entzunezkoak.
Polvo somos
Ibilbide oparoa izan du Esti Urresolaren Polvo somos film laburrak. Zinebi jaialdiaren 62. edizioan estreinatu zen pelikula, eta bi sari jaso zituen bertan. Gasteizko Cortada jaialdian, aldiz, Arabako film labur onena gisa hautatu zuten, eta pelikula motz onena izan zen Euskal Zinemaren astean. Zilarrezko bi biznaga jaso zituen Malagako Jaialdian, eta Goya sarietako hautaketa fasera igaro zen, azkenean izendapena lortu ez duen arren.
Los días que (nunca) fueron
Kevin Iglesias zinemagile amurrioarrak zuzendu du Los días que (nunca) fueron animaziozko film laburra, Pedro Riverorekin batera. Zinemaldian, Zinebin eta Sitgeseko jaialdian proiektatu da pelikula, eta Filmimen zein ETB 1 eta 2 kateetan ere eskainiko dute. Fermin Muguruza musikari eta zinemagilea arduratu da pertsonaietako bati ahotsa jartzeaz, ikus-entzunezkoaren euskarazko bertsioan.
Life in the XXI century
Iosu Vaquerizo zinemagile laudioarrak (egun Oslon bizi dena) zuzendutako film hau saritua izan da zinema jaialdietan.
El himno mundial
Okondon grabatu zituzten film luze honetako hainbat eszena, adinekoen zentroa "ospitale apokaliptiko" bilakatuta. Liburu batean oinarrituta dago filma:
Noiz utziko dio euria egiteari
Guillermo Ordasek zuzendutako ikus-entzunezkoa, Piszifaktoriaren (Mikel Ayllon, Igor Arzuaga) kaleko ikuskizunean oinarrituta.
Urduña Bizkaiko Memphis
Urduñako musika mugimendu aberatsari buruzko dokumentala osatu du Roberto Cuesta zinemagileak. Youtuben dago ikusgai osorik.
Bizi-txarra
Laudion grabatu zituzten websail honetako hainbat eszena, eta Ada Kusmierz laudioarrak parte hartu zuen ikus-entzunezkoaren ekoizpenean.
Camila Hunck
Artziniega Museoan grabatu dute Camila Hunck, Ramon Barea eta Leire Orbe aktoreekin. Maquisen eta Neanderthalen historiak batzen ditu filma laburrak.