Zein da Aiaraldearen egoera sozioekonomikoaz egiten duzuen diagnostikoa?
Hainbat urte daramatzagu ohartaraziz egoera oso larria zela, egoeraren gainean atentzioa jartzen eta hori dela eta, duela hiru urte, Legebiltzarrean, Aiaraldearako ponentzia sustatu genuen.
Gure ustez, gaur Aiaraldeak jasaten duen egoeraren atzean arduradun politikoen eta zenbait enpresetako administrazio kontseiluen ikuspegi estrategiko eza dago. Eta, neurri handi batean, hauek izaten ari dira bizitzea egokitzen ari zaizkigun ondorioak: enpresen itxierak, plantillen murrizketak, zerbitzuen itxiera, etab. Hamarkadak daramatzate gure industriaren egoeraren aurrean ezikusiarena egiten, deslokalizazioak babestuz eta modernizazioari uko eginez.
"Aiaraldeak jasaten duen egoeraren atzean arduradun politikoen eta zenbait enpresetako administrazio kontseiluen ikuspegi estrategiko eza dago"
Eredu produktiboa agortze-prozesuan dagoela agerikoa da, eta hori bi faktorek bizkortu dute nagusiki: pandemiak, batetik, eta trantsizio energetikoari ekiteko premia atzeraezinak, bestetik. Petrolio-gasaren eta automobilgintzaren sektoreak kaltetuenak izaten ari dira, eta horiek dira eskualdeko industria-sareari gehien eusten diotenak; enpresa traktoreak ez ezik, sektore horri lotutako enpresa subsidiarioak ere arriskuan jarriz. Eta dinamika hori gainontzeko sektoreetan ere antzematen da. Industria jakin batekiko dugun dependentziari aurre egin ahal izateko ez da inolako dibertsifikazio politikarik sustatu agintarien eskutik.
Horrek pentsarazten digu Aiaraldeko zenbait sektorek birmoldaketa sakona beharko dutela etorkizuna izateko. Eta hor dago gakoa: nolako eskualdea nahi dugu?
'Ernaberri Aiaraldea' proposamena aurkeztu zenuten iragan uztailean, eskualdeko eraldaketa sozioekonomikoan urrats kualitatiboak emateko helburuarekin. Zertan datza proposamena? Zeintzuk dira erronka nagusiak?
EH Bildu, gobernu aukera politiko eta alternatiba nagusi gisa, Aiaraldeko gizarteari alternatiba erreal, gauzagarri eta itxaropentsu bat eskaini behar dio. Gure proiektu politikoak irtenbideak ere eskaintzen ditu unerik gogorrenetan.
Aiaraldeko ehun sozioekonomikoa berreraikitzeko oinarriak finkatu ditugu, horretarako aukera-guneak, etorkizuneko apustuak eta gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-esparru guztietako proiektu eragileak identifikatuz.
Aurrez aurre dugun erronka nagusia eskualdearen eraldaketa bizkortzea da. Hau da, industria-birmoldaketa. Landa-garapeneko planak alde batera utzi gabe: ekoizpen ekologikoa, ustiategi txikiagoak, balio erantsi handiko produktuak eta abar. Eta, jakina, arreta berezia eskainiko zaio zerbitzuen sektoreari: zaintza, turismoa, ostalaritza eta aisialdia, formazioa…
"Inbertsiorik handiena altzairutegiak, galdategiak eta trakzio-industriak modernizatzeko proposatzen dugu"
Hamar proiektu zehatz aurkeztu dituzue Eusko Jaurlaritzak bideratuko dituen 24 milioi euroentzako. Zeintzuk dira proiektu horiek?
Inbertsiorik handiena altzairutegiak, galdategiak eta trakzio-industriak modernizatzeko proposatzen dugu, energia gutxiago kontsumitzeko eta CO2 gutxiago isurtzeko, hondar-beroa berreskuratzeko eta energia berriztagarriak in situ ekoizteko eta kontsumitzeko. Lurzoru eta eraikin industrialak berreskuratzeko dirua erabiltzea proposatzen dugu. Horren adibide dira Limpesa, Cortasa, Valvospain, Gama edo Somolsa kokaleku zaharrak, bizitegi-eremu, ekipamendu- eta aisialdi-gune gisa berreskuratu behar direnak, edo, hala badagokio, berrerabiltzeko eta industria-proiektu berriak kokatzeko.
Dibertsifikazioaren eta ekonomia zirkularra bultzatzearen aldeko apustua egiten dugu. Birziklatzea eta berrerabiltzea jarduera berri bihur daitezkeela planteatzen dugu, eta espazio berri bat irekitzearen aldeko apustua egiten dugu, teknologia berrien eta osagai elektronikoen ondoriozko gai kritikoak birziklatzearen eskutik.
Bestalde, etxebizitza birgaitzea eta hiri-espazio degradatuak leheneratzea planteatzen dugu. Birgaitze energetiko pasiboa eta aktiboa, irisgarritasuna hobetzea, hiri-ingurune degradatuetan inbertsioak egitea eta ondarean eta hirigune historikoetan esku hartzea dira pakete honen ardatzak.
Turismo jasangarria sustatzea eta Nerbioiko parke lineala amaitzea proposatzen dugu. Lehenengo kasuan, ekoturismoarekin eta landa-turismoarekin lotuta, aisialdirako bainurako urmaelak, kanpin ekologikoak eta Nerbioiko parke linealarekiko loturak sortzea planteatzen da. Bigarren kasuan, Delika eta Amurrio lotzen dituen trazadura nagusia amaitzeaz gain, meandroak berreskuratzea eta gainerako berdeguneak egitea proposatzen da.
Sukalde zentral bat sortzea ere proposatzen dugu, eskualdeko jantoki kolektiboei eta haien etxeetan laguntza jasotzen duten pertsonei elikagai osasuntsuak eta osasungarriak emateko. Urduñan haragi-eraldaketarako zentro bat sortzeko inbertitzea eta Laudioko hiltegia eguneratzea, mugikortasunaren elektrifikazioan aurrera egitea eta trenbide-azpiegiturak hobetzea, kultura-sektoreari bultzada bat ematea eta Aiaraldea sustatu eta garatzeko zuzendaritza bateratu bat sortzea dira Ernaberri Aiaraldearen zerrenda ixten duten proposamenak.
30 eragile baino gehiagorekin elkarbanatu duzue Ernaberri proposamena. Zeintzuk dira jaso dituzuen ekarpenak? Zer nolako harrera izan du egitasmoak?
Oso eskertuta gaude eragileek egin diguten harrerarekin. Gure helburua Aiaraldea suspertzeko oinarriak finkatzea da, eta hori lortzeko ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea. Zertarako balio du plan bat egiteak jendearen iritzia kontuan hartu gabe?
Hasieran, zazpi proiektu proposatu genituen, eta, gutxira, beste hiru proiektu gehitzea erabaki genuen. Ekarpen horiek erantzuna eman zieten Laudioko hiltegiari, C3 lineako tren-zerbitzu kaskarrari edo eskualdeko kultura-sektoreari bultzada bat emateko beharrari.
Eusko Legebiltzarrak Aiaraldea suspertzeko plan sozioekonomikoaren txostena onartu du berriki. 24 eta 26 milioi euro arteko inbertsioak aurreikusten dira bertan. Zer nolako kabida dute 'Ernaberri' planean egindako proposamenek bertan?
2019an erregistratu genuen lehen aldiz Aiaraldeko suspertze sozioekonomikorako ponentzia bat egiteko proposamena. Ernaberri Plana gako horretan diseinatuta dago eta, horregatik, proposatzen ditugun proiektuek leku ezin hobea izan dute. Proposamen kualitatibo zein kuantitaboak jaso ditu txostenak. Pozten gaitu horrek eta, ñabardurak ñabardura, txostenaren alde bozkatzera bultzatu gintuen.
"Proposamen kualitatibo zein kuantitaboak jaso ditu txostenak. Pozten gaitu horrek eta, ñabardurak ñabardura, txostenaren alde bozkatzera bultzatu gintuen"
Nola baloratzen duzue Aiaraldea suspertzeko ponentziaren prozesua?
Lehenik eta behin gogoratu behar da 2019an proposamena egin genuela baina Urkulluk hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen eta horrek dena atzeratu egin zuen. Legealdi berriarekin zerotik hasi behar izan zen dena. Bestalde, agerraldien eta irizpenen faseen artean, urtebete pasatxo igaro da guztira. Legebiltzarreko talde bakoitzak agenteen, enpresen eta partikularren zerrenda bat aurkezten du, txostenerako interes bereziko testigantzatzat jotzen dituena. EH Bilduk egin zuen lehen zerrendak 116 agerraldi zituen, eta zerrenda hori laburtu egin behar izan genuen. Aurretik esan bezala, funtsezkoa da ahalik eta iritzi gehien jakitea eta proposamenak ahalik eta adostasun gehien izatea. Beraz, alderdi horretan, agian ponentziak ez ditu beharko lituzkeen ate guztiak jo.
Hemendik aurrera jarraipen estua egingo diegu talka planari eta hortik atera behar den plan estrategikoar. Hortik aterako diren euro guztiak Aiaraldeko suspertze sozioekonomikoa bultzatzeko inbertitzen direla bermatu behar dugu.
Zer nolako ibilbidea aurreikusten diozue zuen proposamenari?
Espero dugu emankorra izatea, egin dugun lanak fruituak izango dituela Aiaraldean datozen urteetan. Eta, batez ere, tokikotasunetik jarraipena egitea planteatuko diren ekintza guztiei.
Aurkezpen bira antolatu duzue eskualdean Ernaberri plana aurkezteko, zein da horren helburua?
Helburu nagusia Ernaberri Aiaraldea Plana ezagutzera ematea da. Guztion artean zer Aiaraldea nahi dugun eztabaidatu eta horren alde lan egiteko.