Mobilizazioak iragarri dituzte Tubacex, PCB, Petronor eta Bizkaiko metalaren gatazketan auzipetutako beharginek

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urt. 13a, 12:48

Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkartu dira auzipetutako beharginak. / Ecuador Etxea

Azken hilabetetan egondako lan gatazketan auzipetuak izan diren beharginek agerraldia egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean, langile borrokaren kriminalizazioa salatzeko. Mobilizazioak iragarri dituzte.

Tubacexeko langileek bat egin dute PCB, Petronor eta Bizkaiko metalgintzaren hitzarmenaren aldeko greban auzipetutako langileekin Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean egin duten agerraldian. CCOO, LAB, ESK, CNT eta CGT sindikatuetako kideek ere bat egin dute bertan.

"Bizkaiko metala, PCB, Tubacex eta Petronorreko borroken ondorioz, asko izan dira jipoitutako, inputatutako eta isun ekonomikoekin zigortutako langileak. Pertsona horietako batzuk epaiketaren zain daude, eta espetxe-zigor oso altuak dituzte", azaldu dute auzipetutako beharginek. Salatu dute "langile klasearen borroka, sindikalismoa, grebarako eskubidea eta lan eta bizi baldintza duinen aldeko borroka kriminalizatzea" dela akusazio horien atzean dagoena.

"Gatazka guztietan, Eusko Jaurlaritzaren lehen ekarpena izan da Ertzaintza bidaltzea protestak erreprimitzera, jipoitzera, akusazio faltsupean atxilotzera eta Mozal Legea langile askori aplikatzera"

Hartara, kriminalizazio saiakera horren atzean erabaki politikoa dagoela nabarmendu dute agerraldian: "Gatazka guztietan, Eusko Jaurlaritzaren lehen ekarpena izan da Ertzaintza bidaltzea protestak erreprimitzera, jipoitzera, akusazio faltsupean atxilotzera eta Mozal Legea langile askori aplikatzera".

Eusko Jaurlaritzaren protagonismoa oso bestelakoa izan beharko lukeela adierazi dute behargin auzipetuek. Hain zuzen ere, negoziazio mahaietan bi aldeen arteko "benetako oreka" mantendu beharko luke, langileen arabera: "Denbora honetan guztian, Eusko Jaurlaritzak ez du bilatu Bizkaiko metaleko, PCBko, Tubacexeko eta Petronorreko langileak babestea enpresa horiek EEEak edo ABEEak mahai gainean jarri dituztenean, ezta ere EEE eta ABEE horien aurkako epai judizialak egon direnean ere".

"Borroka da bidea"

Langile borroka jarri dute langileen lan eta bizi baldintzak defendatzeko eta inposaketari eta prekarietateari aurre egiteko mekanismo bakar bezala: "Patronalak legeak ditu, eta gobernuak ere bai. Langileok borroka baino ez dugu, tresna zilegi gisa, langile klasearentzako eskubideak defendatzeko eta konkistatzeko eta lege horien aldaketan eragin ahal izateko".

Zentzu horretan, borroka sindikala ez dela inoiz delitu izango azpimarratu dute, eta horri esker negoziazioetan indarrak orekatzea lortu dela nabarmendu dute, "langile guztientzat baldintza eta eskubide hobeak lortzeko".

Dinamika abian

Eskaera zuzena luzatu diete Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailari eta Segurtasun Sailari: langileen borroka kriminalizatzeari uztea, Euskal Herriko langileen arteko borrokei buruz duten jarrera berrezartzea eta Bizkaiko metaleko greban, Tubacexen, PCBn, Petronorren eta beste edozein lan-gatazkatan jarritako isunak eta salaketak indarrik gabe uztea.

Dinamika abian jarriko dutela iragarri dute, gaur irakurritako manifestuaren aldeko atxikimenduak biltzeko.

Mobilizazioak ere jarri dituzte mahai gainean; urtarrilaren 25ean lehenengoa. Egun horretan Bizkaiko metalgintzako hiru langile epaituak izango dira, Bilboko Auzitegi Probintzialean. Epaitegiaren aurrean deitu dute elkarretaratzea, 12:30ean.

Tubacexen kasua

Hainbat izan dira Bilboko agerraldira bertaratu diren Tubacexeko langileak. Aintzane Mendia arduratu da Aiaraldeko grebalarien izenean manifestua irakurtzeaz eta Tubacexeko beste langile auziperatu bat izan du alboan. 236 egunez luzatu zen greba mugagabean auzipetutako beharginetako bat da Mendia. Ekainaren 17an Amurrioko epaitegien aurrean egindako elkarretaratzean atxilotu eta lesionatu zuen Ertzaintzak. Autoritatearen aurkako atentatua leporatzen diote eta epaiketaren zain dago.

Aintzane Mendia ez da Tubacexeko greban auzipetutako langile bakarra.Greba mugagabeak iraun bitartean, gutxienez, lau langile atxilotu ditu poliziak, eta 15 lagunetik gora identifikatu dituzte poliziaren jardunaren irudiak grabatzeagatik. Gainera, greban parte hartu zuen jende askok zigor ekonomikoak jaso ditu azken hilabetetan. Lan gatazkan sortutako erresistentzia kutxa ari dira baliatzen isunei aurre egiteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide