Askori kezka handirik sortzen ez badie ere, beste asko gara pentsatzen dugunok murgilduta gauden “pandemia” honek sortutako egoera dela azken urte hauetan esku artean dugun gairik pisutsuena —horren isla argia dugu gai horrek komunikabideetan hartzen duen omnipresentzia, nahiz eta konturatzen garen berebiziko garrantzia duten beste gai eta bidegabekeria batzuek gizarteari oharkabean pasarazteko aitzakia ederra dela— eta bereziki larria dela agintariek krisi honen inguruan egiten ari diren kudeaketa autoritarioa.
Gai honi buruzko iritzi kritikoa adieraztea galarazten die batzuei ahots kritikoak ultraeskuineko indar, korronte konspiranoiko eta ezkerreko feng-shuitar magufo pitzatu gutxi batzuetara mugatuta daudela zabaldutako ideia; nonbait, fidagarritasuna aitortuta industria farmazeutikoan partaidetza duten Mediaset, AtresMedia, PRISA bezalako talde “filantropiko”ek eta Newtral edo Maldita bezalako egiaztatzailerik gabeko albiste-egiaztatzaileek zabaldutakoei.
Edozelan ere, ukaezina da, hasieratik bertatik, eta azken hilabeteotan gero eta gehiago, ugari direla diskurtso ofiziala kritikatzen duten bestelako ahotsak, nekez koka daitezkeenak azientifikotasunaren eta mugimendu ultren ildoan. Ez da konspiranoikoa izan beharrik ikusteko botere ekonomikoa gero eta esku gutxiagotan dagoela; ez da burugabekeria pentsatzea elite horrek sareetan dabilen informazioa kontrolatzeko ahalmena duela; gure ustez, begibistakoa da ezarritako neurrietako asko herritarren osasuna zaintzeko helburutik harago doazela. Ahots horiek salatzen dituzten kontuak oso larriak dira, eta adierazten dute gai honen inguruan, gutxienez, hutsune handiak daudela, eztabaida sakon bat beharko luketenak.
Ikusten ari gara zelan “Pandemia”ren aitzakiarekin beldurra eta aurriritziak nagusitzen ari diren, disidentzia isilarazten den —oinarri zientifiko sendoko iturrietakoak izan arren; finean, zelan inposatzen diren eztabaidarik eza eta joera inkisitorialak. Larria iruditzen zaigu joera horiek orokortzea gizartean ditugun eta etorkizunean seguru sortuko diren erronken aurrean. Alde horretatik, harriduraz ikusten ari gara egoera hau ezkerrean kokatutako alderdi politikoen babesarekin ari dela normalizatzen, non eta Euskal Herrian.
Egun hauetan sarritan irakurri eta entzun behar izan ditugu alde batean eta bestean kokatutakoen arteko errespetu faltak eta irainak. Argi utzi nahi dugu, desadostasunak desadostasun, errespetua zor diogula elkarri, eta horrela gatoz, idazki honen bidez, gure iritzia eta ardura adieraztera.
Bestalde, argi utzi nahi dugu gure irizpide nagusia dela osasuna, indibiduala eta kolektiboa. Osasuna, ongizate fisiko, psikiko eta sozialtzat hartuta. Osasuna, mendebaldezentrismotik harago. Eta osasun-sistema publiko duin eta unibertsala defendatzen dugula, pertsonen adina, sexua, hizkuntza… eta duintasuna eta burujabetza errespetatzen duena. Beharrezkoa iruditzen zaigu egoera honek gure eguneroko bizitzetan, gure gorputzetan, gure harremanetan dituen ondorioez hitz egitea; gogoeta eta antolaketa kolektiboak suspertzea indibidualismoan zentratutako gure kultura honetan (indibidualismotik bakarrik ulertzen baitugu gizartearen zati handi bat bizitza miserable batera bideratzen duen beldurra, bazterketa eta kriminalizazioa bultzatzen duena), gure bizitzen eta historiaren jabe bihurtzeko, aberatsenen pribilejio eta irabaziak ahalbidetzen dituzten mekanismoak suntsitzeko. Ezin gaitezke mutu geratu egoera honek herrialdeen artean eta gizataldeen artean areagotutako bidegabekeria eta ezberdintasun ezaren aurrean, non herrialde behartsuenak, emakumeak, umeak eta pertsona arrazializatuak diren kaltetuenak.
Pandemian daramagun urte hauetan zehar, aspaldi ahultzen hasiak diren osasun-sisteman euro txiki bat inbertitu ez dutenek herritarrei bakarrik zuzendutako neurriak ezarri dituzte, eskubide indibidual eta sozialen murrizketan eta kontrolean oinarritutakoak.
Konfinamendua, bakartzeak, maskara, txertaketa masiboak, COVID ziurtagiria… denek ere errotik ezabatzen dituzte borroka latzen ondorioz lortutako hainbat eskubide, hala nola biltzeko eskubidea, mugitzeko eskubidea, lanerako eskubidea, segurtasunerako eskubidea, norberaren gorputzari buruzko erabaki informatuak hartzeko eskubidea, legearen aurrean berdinak izateko eskubidea….
Osasuna modu integralean ulertuta, nekez utz daitezke alde batera neurri horiek guztiek, komunikabideen izutze-mezuen bonbardaketa etengabearekin batera, herritarrengan izan dituzten ondorioak: isolamendu sozialak eta beldurrak sortutako angustia emozionala, lan-jarduera eten beharrak eragindako pobrezia, bizitza-proiektuak alde batera utzi beharrak sortutako ziurtasun-gabezia, tratu txarretatik babesteko ezintasuna…
Hori guztia alde batera utzi gabe neurri kontraesankorren jario amaigabea eta arbitrariotasuna: txakurrarekin paseoan, bai… umeekin, ez; metroan, bai… bakarrik bizi diren aiton-amonen etxean, ez; saltoki handietara, bai… museoetara, ez; Olentzeroren kalejirarik, ez… Errege Magoen kalejira, bai.
Esaten dute txertoa hartzen ez dutenek milaka pertsona arriskuan jartzen dituztela, eta inokulatzea “maitasunezko” ekintza bat dela. Xantaia emozional zitala, kontsentsu zientifiko absolututzat aurkezten delarik txertaketa-txanda bakoitzean 24 000 milioi euro irabazten ari direnen esanak, mundu mailan beste edozein industriak baino mozkin-irabazi handiagoak dituztenenak.
Punta-puntako aditu askok adierazi dutenez, emergentziazko baimena besterik ez duten txerto esperimental horiek, orain arte sekula erabili ez den terapia genikoa oinarri dutenek, ez dituzte betetzen bete beharko lituzketen baldintzak: beharrezkoak, seguruak eta eraginkorrak izatea. Ikusten ari gara ez dutela ez transmisioa, ez gaixotasuna, ez heriotza galarazten; are gehiago, heriotza eragin dezaketen albo-ondorio larriak dituztela. Baina zelan jakin dezakegu hori hala dela arriskutsutzat jotzen bada eztabaida? zelan, aditu “ofizialek” esaten dutena itsu-itsuan onartzen bada, kontrol demokratiko sendorik gabe? Eta egia balitz instituzio sanitarioek mundu mailako korrupzio eta prebarikazioa egiten ari direla? —ez litzateke kapitalaren interesak pertsonen interesen gainetik jartzen diren lehen aldia. Zergatik ez dira publiko egiten farmazeutiken eta gobernuen arteko kontratuak? zergatik ez dute erantzukizunik onartzen saldu dizkiguten medikamentu horiek eragin ditzaketen kalte-ondorioen gainean? Zergatik uzten dira bazterrean COVIDaren tratamendu goiztiarrerako zenbait medikamentu, patenterik gabeak eta, hainbat saiakera klinikoren bidez, eraginkortasuna frogatuta dutenak?
Egoera honetan, badira bi alderdi gure ustez sekula gainditu behar ez litzatekeen marra gorria zeharkatu dutenak: umeen txertaketa eta COVID ziurtagiria.
Munduko Osasun Erakundeak berak adierazia du bere txostenetan neurrigabekoak direla umeek eta gazteek “pandemia” dela eta bizi dituzten ondorioak, kontuan hartuta larriki gaixotzeko arrisku txikia daukatela; ez duela zentzurik jadanik txerto-estaldura handia lortu duten herrialdeetan umeak eta gazteak txertatzen hastea, munduko beste herrialde batzuen guxieneko premiak bete gabe daudelarik, zentzuzko ekitatearen eta baliabideen optimizazioaren izenean.
Udazkenera arte, komunitate zientifiko guztiak —Espainiako Pediatren Elkarteak, besteak beste— ez zuen umeak txertatzea gomendatzen, COVIDak arrisku txikia eragiten baitzien eta txerto horiek ez baitzeuden nahikoa frogatuta adin horietarako. Geroago, pertsona ahulak babesteko umeei txertoa ematea nahitaezkoa dela erabaki zen, presaka eta korrika. Zein ikerketatan edo aldaketa epidemiologikotan oinarritu da irizpide-aldaketa hori? Benetan, zentzuzkoa iruditzen zaizue txertoak arrisku larriko pertsonak babesten EZ dituenez, haiek babesteko, txerto bera ematea onura baino ondorio kaltegarri gehiago dakarzkien umeei? Alderdi etiko zenbait eztabaidagarriak direla ezin ukatu. Hainbat medikuk adierazia dute inokulazio horien segurtasunari eta eraginkortasunari buruzko zalantza, medikuntza jardueran, lehenik eta behin, minik edo kalterik ez sortzeko printzipioari jarraituz, baina eztabaida ukatu zaie.
Behin eta berriro esan digute hartzen ziren neurriek normaltasunera itzultzea ahalbidetuko zigutela. Talde-immunitatearen fikzioa saldu ziguten. Orain argi dago txertoek ez dutela immunitaterik lortu, hirugarrena hor dugu eta egoerak ez du hobera egin. Gehienez ere, txertoek norbera babesten dute, ez beste inor. Hala eta guztiz ere, txertatu gabekoak kriminalizatzeko kanpaina bortitz batean murgilduta gaude. Azken hilabeteetako autoritarismoaren ildoari jarraiki, oinarri zientifikorik gabeko neurria ezarri digute: ziurtagiria, oinarrizko giza eskubideak urratzen dituen agindua.
COVID pasaporteak osasunerako eskubidea betebehar bihurtzen du. Gogoan izan behar dugu, Espainiako Estatuan, legez, ezin daitekeela inor behartu tratamendu mediko bat betetzera, eta ezin dela inor diskriminatu bere osasun-egoera dela eta. Aurreko beste neurri asko bezala (konfinamendua ez betetzeagatik ezarritako isunak eta konfinamendua bera, esaterako) estatuko eta nazioarteko oinarrizko arauetan ezarritakoaren aurka doa. Hainbeste perbertitu da egoera, non txertorik hartu ez dutenak osasun-sistematik kanpo uztea proposatu den. Beharbada, gerora etorriko da, akaso, erretzaileak eta beste zenbaitzuk kanporatzeko planteamendua, elikagaiak, ingurumena eta bizi-baldintza oinarrizkoak, eta, oro har, sistema kapitalista industrial, predatzaile eta kontsumista honek sortzen dizkigun arazoei aurre egiteko fitsik ere egiten ez den bitartean. COVID ziurtagiria ezarri den herrialdeetan egindako ikerketen arabera, gaixotasunak gora egin du, eta ez dago ebidentziarik neurri horrek transmisioa urritzen duenik. Adierazpenik siniestroenak ere (E. Macron Frantziako presidenteak egindakoak, esate baterako, nahiz eta ez diren bakarrak) ez dira nahikoa, antza, inposizioaren neurrigabekeriaz ohartzeko. Eta hemen gaude, berriro ere beldurraren estrategiaren ondorioz, elkarri mokoka; ume osasuntsuak, lehergailu biologikoak balira bezala tratatuta, eskolaz kanpoko kirol-entrenamenduetatik baztertuta, zenbait ekintzetan parte hartu ezinda… Eta umeak aipatzen ditugu, umeak eta gazteak direlako kaltetuenak egoera honetan, besteak beste, beren garapen osasungarrirako ezinbestekoak dituzten jarduerak galarazten zaizkielako, baina ziurtagiriaren neurriak erabat hausten ditu guztion oinarrizko eskubideak, gizatalde zehatz bat inolako justifikazio sanitario sendorik gabe diskriminatzen eta arbuiatzen duelako, eraiki nahi dugun gizartean desberdintasunak murrizteko helburuaren erabat kontra dagoelako.
Giza eskubideen urraketarik EZ
COVID paserik EZ
Osasun publikoa indartu