Eskola kirolak normaltasunera itzultzeko saiakera egingo du asteburu honetan ere. Izan ere, pasa den astean Artziniegan txirrindularitza lasterketa jokatu ostean, larunbatean 7 eta 14 urte bitarteko umeentzat ziklokrosa egongo da, Laudioar Txirrindulari Elkartearen eskutik.
Hain zuzen, hitzordua 16:00etan hasiko da Ellakuriko kirol azpiegituretan, baina izen-ematea 15:00etan abiatuko da. Parte hartzeko baldintzak izango dira inskripzioa betetzea, eta kaskoa eta txirrindula eramatea.
Etxaurren Krosa
Aiaran tradizio handiko proba da Etxaurren Ikastolako Guraso Elkarteak egiten duen lasterketa. Berez, 2021eko edizioa ezin izan zen gauzatu pandemiaren ondorioz, baina igande honetan Etxaurren Krosa berriro lehiatuko da eta bere XXXI. ediziora helduko da.
Familia osoarentzako jaia izango da Ibaguengo ekimena. Izan ere, 2008. eta 2013. urteen artean jaiotako haurrek neurtuko dituzte euren trebeziak 11:00etatik 12:10ak arte, baina 12:25ean 400 metroko lasterketa egongo da adin oroko umeentzat. Azkenik, helduek 3.600 metroko ibilbidea izango dute 12:40ean.
Izen ematea egunean bertan egin beharko da 10:00etatik aurrera.