Osakidetzak azken lau egunetako txosten epidemiologikoa argitaratu du gaur eguerdian eta datu positiboak zein negatiboak jaso ditu. Izan ere, nahiz eta kutsaketa kasu berriak nabarmen murriztu diren (erdia baino gehiago), bistakoa da birusaren zabalpenak ez duela etenik.
Edonola ere, hobekuntza argia da. Otsailaren 3tik 6ra bitartean 180 positibo berri egiaztatu ditu osasun sistema publikoak, baina aurreko asteetan kopuru hori bikoitza izan da: 385 urtarrilaren 31n, 355 urtarrilaren 24an, 379 urtarrilaren 17an, 522 urtarrilaren 10ean eta 525 urtarrilaren 3an. Hala ere, aintzat hartu behar da Osakidetzak jadanik ez diela kasu susmagarri guztiei PCR proba egiten gaixotasuna berresteko. Alegia, proba hori bakarrik egiten zaie sintoma larriak dituztenei, baja medikua behar dutenei eta arrisku taldeetan dauden herritarrei.
Gauzak horrela, positiboak horrela banatu dira eskualdean:
- Amurrio: 58 (22 ostegunean, 12 ostiralean, 11 larunbatean eta 13 igandean).
- Artziniega: 4 (1 ostegunean eta 3 ostiralean).
- Aiara: 5 (3 ostegunean, 1 ostiralean eta 1 larunbatean).
- Laudio: 72 (28 ostegunean, 16 ostiralean, 14 larunbatean eta 24 igandean).
- Okondo: 9 (3 ostegunean, 1 ostiralean, 1 larunbatean eta 4 igandean).
- Arrankudiaga: 1 (ostiralean).
- Orozko: 11 (2 ostegunean, 2 ostiralean, 2 larunbatean eta 5 igandean).
- Urduña: 20 (11 ostegunean, 5 ostiralean, 3 larunbatean eta 1 igandean).
Intzidentzia metatuaren tasa behera
Azken datuek isla izan dute herrietako intzidentzia metatuaren tasetan. Hain zuzen, udalerri guztietan egin dute behera, salbu Arakaldon, bertako ratioak ez duelako aldaketarik izan.