Mendi martxa egingo dute Tubacexeko greba mugagabearen hasieraren lehenengo urteurrenean

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ots. 9a, 12:42

Laudio eta Amurrio oinez lotuko dituzte greba mugagabearen urteurrenean. / Jose Mari Gutierrez

2021eko otsailaren 11an hasi zen Tubacexeko greba mugagabea. Mendi martxa antolatu dute beharginek 236 egunez luzatu zen lan gatazkaren lehenengo urteurrenean, Laudiotik Amurriora.

Urte bete igaroko da otsailaren 11n Tubacexeko greba mugagabea abiatu zutenetik. Kaleratzeen aurkako lan gatazka 236 egunez luzatu zen, eta Aiaraldean azken urteetan egondako mobilizazio ziklo handiena piztu zuen.

Urteurrenaren testuinguruan mendi martxa antolatu dute greban murgilduta egon ziren beharginek, eta Laudio eta Amurrio lotuko dituzte oinez. Otsailaren 13an jarri dute hitzordua. 8:00etan abiatuko dira Laudioko Arantzar poligono industrialetik, apirilaren 21ean egin zuten mendi martxaren kontrako noranzkoan. Norberak bere hamaiketakoa eramateko mezua zabaldu dute.

236 egun greban

2021eko otsailaren 11an greba mugagabea abiatu zuen Tubacexeko enpresa batzordeak, zuzendaritzak ezarri nahi zituen 150 kaleratzeak ekiditeko. Hasierako negoziazioek kale egin zuten, eta 8 hilabetez luzatu zen lan gatazka.

Grebak iraun bitartean Aiaraldean azken urteetan ikusitako mobilizazio ziklo handienetako bat piztu zen, eta manifestazio jendetsu ugari egin ziren Laudion eta Amurrion. Era berean, lan gatazkak oihartzuna izan zuen eskualdeko beste enpresa eta lantokietan, eta grebak iraun zituen 236 egunetan oso ugariak izan ziren elkartasun keinu eta mobilizazio bateratuak.

Urriaren hasieran erdietsi zuten akordioa enpresarekin. Kaleratzeak saihestu eta lanera bueltatu ziren beharginak, greba historikoari amaiera emanez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide