Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko janari bilketa burutu du RASDen lagunen Aiaraldeko taldeak azken asteetan eskualdeko zenbait herritan. Urtarrilean gauzatu zuten kanpaina, eta erosketa zentro handietan makina bat boluntariok egin zituzten txandak.
Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, ondorengoa izan da elkartasun ekimenaren emaitza:
- 680 kilo azukre.
- 255 kilo lata.
- 648 kilo arroz.
- 389 kilo pasta.
- 112 kilo konpresa.
Ekimenaren sustatzaileak pozik azaldu dira emaitzarekin: "Horrez gain, kontu korrontean 350€ jaso dira, eta horrekin beste 460 kilo azukre erosi ditugu". Orain, elkartasun karabanara bideratuko dute lortutako produktu sorta handia. "Karabana martxoaren 5ean aterako da Donostiatik".
Tindufeko kanpamenduetara bidaliko dituzte jasotako produktu guztiak. Aurten Donostitik abiatuko da karabana, baina 2019. urtean Aiaraldea izan zen irteera puntu.
Dena dela, ekimen eta mobilizazio ugari egin izan dira eskualdean Sahararen alde azken urteetan. Ekainean izan zen azkena: manifestazioak egin zituzten Amurrion eta Laudion, besteak beste.